Mendiaren eta eskaladaren gaineko lau dokumental eskainiko dituzte Plateruenean

Anboto 2013ko urt. 9a, 08:47
Bihar bertan eta hurrengo urtarrilaren 17an mendiari lotutako bina dokumental eskainiko dituzte Plateruena kafe antzokian. Dokumentaletako protagonistak ere etorriko dira. Adolfo Madinabeitia eskalatzaile gasteiztarra etorriko da eguen honetan

 

\'Mendia Hurbilduz\' ekimenaren barruan, mendiaren eta eskaladaren gaineko bina bideo emanaldi bi ikusi ahalko dira Plateruena kafe antzokian. Bihar bertan dira lehenengo emanaldiak eta hurrengo urtarrilaren 17an bigarrenak. Biak ala biak 20:30etik aurrera proiektatuko dira. Dokumentaletako protagonistak ere etorriko dira bertaratuko direnen dudak eta jakimina asetzeko. Sarrera doakoa izango da.

 

Biharko lehenengo bideo emanaldia Hutsaren gainean dantzan deitzen da eta slickline izeneko modalitatearen historia kontatzen du. Slickline soka gaineko funanbulismoa da, zirkoan sortu zena eta gaur egun eskalatzaile askok praktikatzen dutena mendian. Ondoren, Adolfo Madinabeitia gasteiztarrak Venezuelako Tepuy izeneko pareta bertikaletan egindako igoerak erakutsiko ditu. Madinabeitia Plateruenean izango da eskalada zaleen galderei erantzuten.


\"\"Datorren egueneko lehenengo dokumentalak Canadako Yukón zonaldean ‘eskalaezinak’ deitzen diren tontorretan lau euskaldunek bizitako bizipenak erakutsiko ditu. Horietako bat durangarra da: Aitor Garitaonandia ‘Ajillo’. Baina dokumentala ez da igoera zailetan bakarrik oinarritzen. Canadatik Yukón zonaldera heldu arteko abenturak ere kontatzen ditu Jon Kepa Berasaluze ekimeneko antolatzaileetako baten esanetan: “Bidaia osoa azaltzen da. Zelan milaka kilometro egin zituzten autoz, ondoren hidrohegazkin batek hamabost egunez ezerezaren erdian uzteko… Irudi ikusgarriak jaso dituzte: paisaiak, hartza lako animaliak…”. Bideo emanaldiaren ondoren Kike de Pablok dinamizatutako galdera-erantzunen txanda hasiko da abentura bizi izan zuten protagonistekin.

 

 

Segidan Mikel Zabalza eskalatzaile iruindarrak Alpeetan eta Pirinioetan eskalatutako tontorrak jasotzen dituen dokumentala ikusi ahalko da. Zabalza bera ere Plateruenean egongo da.



Mendia Hurbilduz ekimena Ourdaybi kirol taldearen eta Alpino-Tabira mendizale taldearen finantziazioari esker antolatu ahal izan dute.

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!