Mikel Onandia gaztearen proiektua hautatu du epaimahaiak Durangoko udalak eskaintzen duen sorkuntza beka jasotzeko. Durangaldeko arteari buruzko katalogo bat argitaratzeko, eskualdeko arteari buruzko ikerketa burutuko du Onandiak.
Artea Durangaldean, gaur izeneko lan horretan, lehenengo arte sorkuntza garaikidearen testuingurua azaldu, eta ondoren, Durangaldeko artisten hautaketa baten berri argazki eta testuen bidez ematea da Onandiaren proiektua.
Artearen Historian eta Filosofian lizentziatua da Mikel Onandia, eta Durangaldean egiten den arte plastiko garaikidea ezagutzera ematea du proiektu honegaz helburua. Durangaldeko arte garaikidearen “mosaikoa” osatu gura du Onandiak. Proiektua garatzeko Durangoko Udalaren 7500 euroko diru-laguntza jaso du.
Durangoko artisten hamar lan jaso dituzte bosgarren edizio honetan, Durangoko Udalaren sorkuntza bekaren deialdian, eta Arantza Arrazolak azaldu duenez, “oso pozik gaude lan guztien kalitateagaz”. Sorkuntza bekagaz, emaitza artelan bat ez daukan ikerketa teoriko bat saritzen den lehenengo aldia dela azpimarratu du Arrazolak.