Garcia lehenengo bizkaitarra izan da Usansoloko krossean

Anboto 2012ko abe. 11a, 09:47

David Garcia durangarra hirugarren sailkatu zen igandean Usansoloko krosean. Hassan Oubaddi marokoarra izan zen irabazle eta Garciak Ramon Gil trofeoa eskuratu zuen, sailkapenean lehendabiziko bizkaitarra izateagatik.

David Garcia durangarra (Durango Kirol Kluba) hirugarren sailkatu zen igandean Usansoloko krosean. Hassan Oubaddi marokoarra izan zen irabazle eta Garciak Ramon Gil trofeoa eskuratu zuen, sailkapenean lehendabiziko bizkaitarra izateagatik.

 

Usansolokoa izan ohi da kros denboraldiko lehenengo proba. San Andres egunaren ondorengo asteburuan ospatzen da beti, Labeagako zelaian. Aurtengoa krossaren 60. edizioa izan zen.

 

"Badakit sailkapen on bat lortzeko aukerak ditudala, baina inoiz ezin zara seguru egon, maila oso altua da-eta” adierazi zuen David Garciak lasterketa hasi aurretik. Lasterketan zehar, erritmoa bizkortu ahala, korrikalari taldea sakabanatuz joan zen eta durangarra beste hiru marokoarrekin batera mantendu zen aurreneko taldean. Bukaera arte sailkapen hori egokitu zelarik eta Garcia hirugarren postuan sailkatu zen, irabazlearengandik 20 segundura.

 

Gainontzeko mailetan ere fin ibili ziren Durango Kirol Klubeko korrikalariak. Rosa Loitik hirugarren postua lortu zuen beterano mailan eta gazteen mailan ere Durangoko neskek emaitza onak lortu zituzten. Izaro Telleria laugarren sailkatu zen, Eider Gorritxategi seigarren eta Nora Narbaiza zortzigarren. Junior mailan Agirrebeitia bikiek ere lan ona burutu zuten.

 

Denboraldiko lehen lasterketa izan zen atzokoa eta Durango Kirol Klubeko partaideek emaitza onak eskuratu zituzten. Hala ere aurrerantzean lanean gogor jarraitu behar dutela adierazi zuten, oraindik lasterketa asko baitaude, Zornotzako Krossa eta Bizkaiko Txapelketa besteak beste. Haien helburu nagusia otsailak 20an jokatuko den Euskadiko txapelketan ahalik eta maila onena ematea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!