"Kulturgintzan ardura dutenek aintzat hartzeko zenbakiak dira"

Anboto 2012ko abe. 6a, 08:10
Egoera ekonomiko txarrean egonda ere, asko ekoizten dela baloratu du Ahotseneako Gotzon Barandiaranek: \"Sorkuntza ez dago krisian\"

Egoera ekonomiko txarrean egonda ere, asko ekoizten dela baloratu du Ahotseneako Gotzon Barandiaranek: “Sorkuntza ez dago krisian”.

 

Sortu, sortzen da. Ahotsenean 88 proiektu aurkeztea oso ondo baloratu du bertako kide Gotzon Barandiaranek: “Asko sortzen gabiltza egoera ekonomiko kaskarrean; datu hauek berresten dute sorkuntza ez dagoela krisian”. Zabalkundeak arduratzen du idazlea: “Euskaldunok eta kulturgintzan ardura daukaten askok oso aintzat hartu beharreko zenbakiak dira. Gogoeta egin behar dugu, urte osoan zehar ere jendea jakitun egoteko zer sortzen dabilen”.

 

Ezagutu bako musika taldeekin harritzeko, idazleen hausnarketa interesgarriak entzuteko... Hartu-emanerako lekua izaten da Ahotsenea. Hortik abiatuta, urte osoan hartu-eman hori zelan landu hausnartzen dabiltza azken urteotan sortzaileak.

 

Gogoeta hori bultzatzeko, uztailean Euskal Sortzaileen I. Topaketak antolatu zituen Ahotseneak, Azpeitian. Topaketetako ardura nagusia kultura bultzatzeko indarrak batzea zen: “Euskarazko kultura ez da ezaguna Euskal Herrian, ikusgarri egin behar da, zabaldu egin behar da”.

 

Egoeraren analisia egin eta indarrak batzeko premia ikusi zuten, eta Barandiaranek azaldu duenez, sortzaileen elkargune bat sortzekotan daude, formula bila: “Komunikabideek Hekimen sortu duten bezala, guk ere ikusi dugu elkartu egin behar garela indargune bihurtzeko, gure lanak ikusgarri egiteko, eta eragiteko erabaki organoetan”.

 

Sortzaileen kezkak

Euskaraz sortutako kultura ezagutarazi eta baloratzeko bidean, hainbat pauso adostu zituzten Azpeitiko jardunaldietan: “Kultura ikusgarri egin behar da, eta horretarako, euskarazko komunikabideek beharrezko baldintzak bete behar dituzte”. Transmisioa ere gauza garrantzitsua dela ondorioztatu zuten: “Gako bat hezkuntza izango da, hezkuntza arautua eta ez arautua, modu guztiak”.

Urte osoan euskal sortzaileek plaza premia dutela adierazi zuten topaketetan: “Plazak behar ditugu gure lanak erakusteko, eta horretarako ere beharrezkoa izango da kulturan inbertitzeko gordetako diru apurrak inbertitu ditzatela Euskal Herrian euskaraz sortutako kulturan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!