Sarrionandiaren saiakera saritua gaztelaniaz kaleratu dute

Anboto 2012ko abe. 6a, 08:08
Javier Rodriguez Hidalgo arduratu da iurretarraren lana gaztelaniara itzultzeaz

Javier Rodriguez Hidalgo arduratu da iurretarraren lana gaztelaniara itzultzeaz.

 

Joseba Sarrioanandiaren Moroak gara behelaino artean? liburua gaztelaniaz argitaratu du Pamiela argitaletxeak. Iurretarraren saiakera Javier Rodriguez Hidalgok itzuli du, eta ¿Somos como moros entre la niebla? izena ipini diote. Iaz Euskadi saria eman zioten euskarazko saiakeraren atalean, polemikaren ondorioz kendu egingo ziotela zirudien arren. Jaurlaritzak, justiziarekin egoera erregulatu arte saria erretenitzeko asmoa agertu zuen, eta epaitegietatik bertatik heldu zen bere kontrako auzirik ez dagoela esaten zuen txostena.

 

Epaileak, defendatzaile

Martitzen honetan aurkeztu dute liburu berria, eta Euskadi sarietako epaile bik parte hartu dute bertan: Ainhoa Larrañagak eta Josu Bijuescak. Azken honek esan du, hasieratik nabari zela Sarrionandiaren saiakerak gainerakoak aurreratzen zituela: “Alde batetik orrialde kopuruak erakusten zuen anbizioagatik; eta bestetik, saiakeraren lorpenek anbizio horren mailan egotea erakutsi zutelako”.
Larrañagak garrantzia eman dio liburua gaztelaniaz kaleratzeari: “Modu honetan, komunitate horrek, gure komunitate txikiaren zati handi batek pentsatzen duena zein bere errealitatea ezagutzeko tresna bat edukiko du”.

 

Saiakera mardula da Sarrionandiarena, eta gaztelaniazkoak jatorrizkoak baino ia 300 orrialde gehiago dauzka. Historia, kronika eta hausnarketa batzen ditu lan berean; hori bai, literaturaren orrazitik pasata. Pedro Hilarion Sarrionandia gramatikagile eta fraile garaitarrak Arrifera egindako bidaia hartzen du abiapuntu. Hark amazigheraren gainean egindako azterketaren berri ematen du, kolonialismoan sakontzen du eta, azkenik, gaur egunerainoko ildo bat jorratzen du, Euskal Herriaz, politikaz eta jendarteaz hausnartzen amaitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!