Aurten ere, Internetegaz lotuta, deneriko ekitaldiak eratu dituzte Kabi@ gunean.
Internetek eta teknologia berriek aurten ere leku propioa edukiko dute Kabi@ gunean. Deneriko ekitaldiak eratu dituzte, eta asko jolasen bidez garatuko dira. Aurtengo nobedadetako bat Sei@2012 sari banaketa izango da. Interneten 2012an sortu diren euskarazko produktu onenak sarituko dituzte gaur.
Ekimen hau 2007an ipini zuen martxan Joxe Rojas internautak, eta aurten sendotu egingo dute Azokan ekitaldia eginda. Interneteko euskarazko komunitatea indartzea izango da helburua.
Rojasek azaldu du interneteko blog askotan urteko webgune onenen rankingak-eta egiten direla: “Eta pentsatu nuen, zergatik ez egin horrelako bat euskarazko webguneekin? Beti entzun izan dugu euskaldunak interneten gutxi baina aktiboak garela”. Euskaraz esan bezainbeste gauza egiten direla baieztatu gura zuen Rojasek. “Lehiatzea baino, inbentario moduko bat egitea da helburua”. Ideia horretatik tiraka, era parte-hartzailean egitea otu zitzaion Rojasi. “Sarean euskaraz dabiltzan euskaldunek erabakitzea zeinek parte hartuko duen hor eta zeinek ez”. Geroztik, iaz kenduta, urtero-urtero antolatu da sari banaketa. “Hasieran jolas bat zen, baina jendearen partaidetzak eman dio aberastasun hori”.
Lehenengo fasean hautagaitzak proposatzen dituzte internautek. Bi baldintza bete behar dituzte: urtekoak eta euskarazkoak izatea. Baldintza horiek betetzen dituztenekin bozketa abiatzen da. Aurten 28 proposamen egon dira hautagaien artean, eta sei onenak zeintzuk diren erabakitzea izango da bozketaren asmoa.
Sariekin batera, bozketan parte hartu dutenekin zozketa egingo dute, gaur, 18:30ean.