Durangaldeko rock musika, Iheskide eta Rock Izar eskolaren eskutik

Anboto 2012ko abe. 7a, 08:02
Iheskidek hirugarren diskoa dakar, eta Alice & The Blackfeet berpiztu egin da

Iheskidek hirugarren diskoa dakar, eta Alice & The Blackfeet berpiztu egin da.

 

Aurten ez dira asko izango nobedadeak ekarriko dituzten Durangaldeko rockeroak. Baina, kuantitatiboki ez bada \"\"ere, kualitatiboki ekarpen berezia egingo dute. Iheskide elorriarrak eta Durangoko Rock Izar eskola izango dira tokiko rockaren bandera hartuko dutenak. Iheskidek maiatzean argitaratu zuen ...ta irabazi arte! izeneko diskoa. Arrano beltzaren hegaldiak abestiaren bideoklipa ere publikatu zuten, eta segituan zabaldu zen Euskal Herri osoan. Bertan, ekarpen bitxi bat ere egin dute, Laboaren Martxa baten lehen notak abestiaren bertsioa eginez. Azokan diskoa erosteko aukera edukiko dute oraindik alerik lortu ez dutenek. Punk-rock bizia, melodiari garrantzia emanda, eta letra zuzen eta gordinekin. Maketaren ostean, hirugarren diskoa da aurtengoa.

 

Taldea berrantolatzen

Bestalde, Durangoko Rock Izar eskolak hiru proiekturen emaitzak dakartza: Arrakada taldearen lehenengo diskoa, \"\"Alain Ramirezen Izan dira, eta Alice & The Blackfeet taldearen birjaiotza. Bigarren etapa honetarako, Olga Ozhelskaya abeslari errusiarrak gidatuko du taldea ahotsetik. Ozhelskayak eta Ibon Larrañaga gitarra-jotzaileak berrantolatu dute taldea. Rock klasikoa, indiea, soula... Ez dira estilo bakarrean ibiltzekoak, adierazi dutenez. Hamabi abestiko lana aurkeztu dute: The Uprise.

 

 

Interneten badago ikusgai euren lan berriko lehenengo bideoklipa: Station. Besteak beste, Durangoko tren geltokian grabatuta dago. Hain zuzen ere, estazio, tren eta abandonuen istorio bat kontatzen ei du diskoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!