Ahotsenea ordu gehiagoz zabalduko dute

Anboto 2012ko abe. 6a, 08:30
Aurtengo kultur sorkuntzari lekua emateko zuzeneko 42 emanaldi eta 46 aurkezpen-solasaldi batuko dira bertan. Bost urtean indartu egin da Ahotsenea.

Aurtengo kultur sorkuntzari lekua emateko zuzeneko 42 emanaldi eta 46 aurkezpen-solasaldi batuko dira bertan. Bost urtean indartu egin da Ahotsenea.

 

Landako Gune barruko azoka 20:00etan zarratuko bada ere, aurten, Ahotsenean beranduagora arte egongo dira kontzertu eta aurkezpen solasaldiak. Gotzon Barandiaran Ahotseneako arduradunak azaldu duenez, azokak egun gutxiago izatera, “sortzaileak euren lanak aurkezteko leku barik gelditu ez daitezen” handitu dute ordutegia.

 

Azken egunean, domekan, 20:00etan itxiko ditu ateak, baina besteetan, hamaika orduz egongo da zabalik Ahotsenea. Gainera, zarratu eta ordu erdira Platerueneko kontzertuak hasiko dira. Gura duenak, beraz, batetik bestera ibiltzeko aukera edukiko du.

 

Aurten, azoka osatzen duten gune guztien koordinazioari esker, egitarauk osagarriak izango ditu. Barandiaranek kontatu duenez, elkarlanik ez balitz egongo, sortzaileek leku batean baino gehiagotan eskatuko lukete tokia. Behin lanak koordinatuta, esaterako, Plateruenean zuzenean jotzen duten taldeek ez dute joko Ahotsenean.

 

“Bere kabuz hazi da”

Duela bost urte lehen aldiz zabaldu zutenetik Ahotseneak denbora gutxian “sekulako pausoak” egin dituela baloratu du Gotzon Barandiaranek. Batez ere sortzaileei eta kulturzaleei esker gertatu da hori, bere ustez: “Antolatzaileok ez dugu sekulako ahaleginik egin behar izan, komunikatiboki, esaterako. Bere kabuz hazi da, bere-berez bete izan da gunea urtero”.

 

Ordu erditik ordu erdirako saioetan, karpa bete egin da Ahotsenea zabaldu zutenetik. Hori ikusita, euskaraz idazten eta musika sortzen dabiltzanek plaza horren beharra zutela ondorioztatu du Barandiaranek: “Askok esan digute ez luketela irudikatuko Azoka Ahotsenea barik”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!