Gerra zibilaren sasoiko euskal sortzaileak gogoratuko dituzte

Anboto 2012ko abe. 8a, 08:58

Azokako aretoan Estepan Urkiaga Lauaxeta, Errose Bustintza eta beste hainbat sortzaileren testuak irakurriko dituzte gaur

Azokako aretoan Estepan Urkiaga Lauaxeta, Errose Bustintza eta beste hainbat sortzaileren testuak irakurriko dituzte gaur.

 

Gerediaga elkarteak Gerra zibilaren sasoiko euskal sortzaileak gogaratzeko ekitaldia egingo du gaur, 12:30ean, azokako aretoan. Gerediagaren inguruko hainbat lagunek sasoi hartako sortzaileen testu, olerki eta bertsoak irakurri edo abestuko dituzte: “Beste belaunaldi batzuek euren testuei ahotsa jartzen dietela eta oraindik gure oroimenean bizirik dirautela aldarrikatu nahi dugu”, adierazi du Gerediagako Jon Irazabalek.

 

Sortzaile batzuk Durangaldekoak dira; esaterako, Errose Bustintza edo Julene Azpeitia. Euskal Herriko hainbat sortzaile ere gogoratuko dituzte: Donostiako Zapiain aita-semeak edo Estepan Urkiaga Lauaxeta mungiarra, besteak beste: “Hainbat sortzaile gogoratuko ditugu. Batzuk gerran hil ziren edo erbesteratu beharra izan zuten, edo kartzelan sartu zituzten edo fusilatu egin zituzten. Testuak edo olerkiak modu batera edo bestera Durangaldera ekartzen saiatu dira: “Testuek Durangaldeari keinu bat egin diezaioten saiatu gara edo Durangaldea aitatzen dutenean edo Durangaldeko sasoi hartako sortzaileak aitatzen dituztenean”. 
Istorio orokor bat izango da hiru ordu laurden inguru iraungo duen ekitaldiaren haria, eta istorio horren barruan, esku-hartze jakin batzuk egongo dira: bertsoak, olerkiak…

 

Gerediaga elkartetik aurreratu dutenez, ekitaldira joango diren lagun biri opari bat emango diete, “opari kurioso bat”, Irazabalek esandakoaren arabera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!