Jabier Lertxundik krisiari aurre egiteko aholkuak batu ditu liburu batean. Gaur aurkeztuko dute, 10:30ean.
Azken egunetako laino beltzek eguzkia nola, antzera ilundu ditu krisiak herritar askoren esperantzak. Arlo pertsonalean gurdikada bat adibide zerrenda daitezke, langabeziatik hasi eta aterperik gabe geratzeko arriskuraino. Lan esparruan, enpresa asko eta bertako langileak ziurgabetasun konstante batean kateatuta daude, hurrengo egunak zer ekarriko dien asmatu ezinda. Testuinguru horretan, Jabier Lertxundi eta Koikili Lertxundi aita-semeek mezu positibo bat zabaldu nahi izan dute Unas ideas para superar esta maldita crisis / Krisi madarikatua gainditzeko hainbat ideia liburuan: “Krisitik irtetea gure esku dago”.
Ekonomian doktorea eta soziologian lizentziatua da Jabier Lertxundi, liburuaren idazlea, eta euskarazko itzulpenaz Koikili Lertxundi arduratu da, Itzarri Consulting-eko zuzendaria. Hizkuntza bietako testuak liburu berean batu dituzte, eta salgai egongo da azokan. Itzarri Consulting-en bidez argitaratu dute liburua, baina Totoan Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak maketazioan eta beste hainbat zereginetan lagundu die.
Koikili Lertxundik liburua argitaratzeko arrazoiak azaldu ditu: “Krisian murgilduta gauden sasoi honetan, mezu positibo bat gizarteratzea pentsatu genuen. Gure ustez, krisitik irtetea gure esku dago. Beren eguneroko jardunean suertatzen zaizkien arazoen aurrean, pertsonak gai dira irtenbideak bilatzeko”.
Oreka pertsonala eta lana
Liburuak arlo teorikoa eta gizatiarra bateratzen ditu. Alde batetik, gaur egungo egoeraren azterketa zurrunetik abiatuz, lan esparruan aplikatzeko adibide praktikoak eta aholkuak eskaintzen ditu. Baina erabakien atzean pertsonak daude eta pertsona horiek egoerari aurre egiteko kapaz direla sentitu behar dute. Beraz, autoafirmazio prozesu batetik abiatuta, liburuak kemen eta adore hori lan esparrura eroateko ausardia txertatu gura dio irakurleari: “Oreka pertsonala aurkitzen duena,profesional hobea izango da”, laburbiltzen du Koikili Lertxundik. Era berean, elkarlana eta enpresaren antolaketa aproposa ere azpimarratzen dituzte: “Lan bakoitzak nortasun jakin bateko arduraduna eskatzen du. Garrantzitsua da nortasunak aztertu eta liderrak ondo aukeratzea. Baina arduradunek ezin dute ezer egin bakarrik. Elkarlana ere funtsezkoa da lan arloan eta horretarako giro egokia sortu behar da. Langileei ezagutza eta gaitasunak handitzeko aukerak eman behar zaizkie, enpresako parte sentitu behar dira”.
Liburuak hiru atal nagusi ditu. Lehenengoan, krisiaren inguruko diagnostiko teorikoa jasotzen da: krisi ekonomikoa, politikoa, ekologikoa, gizarte krisia… Bigarren atalak egoera horri zelan aurre egin dakiokeen azaltzen du, “soluzio posibleak eskaintzen ditu”, Lertxundiren arabera. Azkenik, eskaini diren irtenbideak zergaitik diren bideragarriak arrazoitzen du hirugarren atalak: “Liburuaren izenburua arrazoitzen du, hau da, zergatik dagoen gure esku krisitik irtetea.