Saguganbara, irudimenez bustitako gune magikoa, haur eta helduentzat

Anboto 2012ko abe. 6a, 08:53
Durangoko Azokan umeentzako plazaratzen denari tokia egingo dio Berbarok antolatutako espazioak

Durangoko Azokan umeentzako plazaratzen denari tokia egingo dio Berbarok antolatutako espazioak.

 

Azala eta mamia berriztuta dator Berbaro euskara elkarteak eratutako Haur Literatur Aretoa. Gaurtik aurrera Saguganbara. Irudimena askatzeko espazio propioa izango dute etxeko txikienek Durangoko Azokan, eta beraientzat plazaratutakoak aurrez aurre ikusteko eta gozatzeko aukera. Ipuin kontalariak, pailazoak, tailerrak, antzerkia, jolasak, musika ikuskizunak... Denetarik egongo da Saguganbaran, gaur hasi eta abenduaren 9ra arte.
Durangoko Azokak urte guztiotan izandako eboluzioak, eta ondorioz, Haur Literatur Aretoak ere bai, bultzatu du Berbaro Saguganbara sortzera: “Izena zaharkituta geratu da eta ez ditu espazioaren edukiak eta helburuak egoki islatzen”, dio Oihane Barrutia Berbaroko kideak. Hartara, “berba polita” eta “magia kutsua” duena aukeratu dute: Saguganbara, leku erakargarria ume zein helduentzat.

 

Etxeko txikienentzako sortutako produktu, ikuskizun eta tailerren txokoa izan gura du Saguganbarak, Barrutiak \"\"azaldu duenez, eta “ume zein gazte, nagusien transmizioaren bidez, euskal kulturaren zati batera hurreratzen gaituen gunea”. Sortzaileen eta erabiltzaileen arteko harreman zuzena eskainiko du Saguganbarak, “sekretuz, irudimenez eta magiaz gozatzeko mundua ez eze”, nabarmendu du Berbaro elkarteko kideak.

 

Durangoko Azokan umeentzako plazaratzen denari lekua egin gura dio Saguganbarak. Hala, hainbat arlo jorratuko dituzte edukien artean: komiki-gintza, ilustrazioa, antzerkia,ipuin kontaketak, liburuak, musika, jolasak, filmak... Horretarako hiru espazio izango ditu aurten gaztetxoenentzako guneak.

 

Hiru espazio

Batetik, tailer irekiak egiteko gunea izango du Saguganbarak; eta, bestetik, tailer zehatzei lekua egi-teko areto txikia. Berbaroko Oihane Barrutiak azaldu duenez, komiki-gintza, bikoizketa tailerra, ilustrazio tailerra, mahai jolasen tai-lerra, eta Liburu bat, mundu bat ekimena garatuko dira bertan. Antolatzaileek gogorarazi dute beharrezkoa dela aurretik izena ematea, eta haurrek beti izan behar dutela heldu baten laguntza . Ume eta gaztetxoei zuzendutako aurkezpenak, ikuskizunak eta ekintza bereziak egiteko Areto Nagusi bat ere izango du Saguganbarak.

 

Transmisioaren garrantzia

Oihane Barrutiak adierazitakoaren arabera, iaz hasi ziren Berbaro elkarteko kideak tailerrei garrantzia ematen. Eta horien arrakasta ikusita, aurten, tarte berezia eskaini gura izan diete horrelako tailerrei. Berbaro elkartekoek nabarmendu dutenez, helduen eta ume zein gazteen arteko transmisioa lantzen da hala, eta garrantzitsua dela jo dute. Gainera, umeek eta helduek hainbat arlo elkarrekin jorratzeko eta gozatzeko aukera eskaintzen dute tailer horiek.

 

Hainbat bisitari

Saguganbaratik hainbat lagun igaroko dira datozen egunotan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots euren ikuskizun berria erakustera etorrikodira, baita Bazen behin clown-eko lagunak ere. Toti Martinez de Lezea idazlea Nur eta dortoken uhartea aurkeztera etorriko da eta Trini Mikelarena, berriz, Egan egiten ez zekien txantxangorria ipuina erakustera. Titiriteroen ipuinak ezagutzeko aukera ere eskainiko zaie haur, guraso eta hezitzaileei. Horiez aparte, Poxpolo ta konpainia pailazoak ere bertaratuko dira, Segi jotzen! DVDa aurkeztera.

 

Ijitoen kultura erakusgai

Ijitoen kultura da aurten azokako kultura gonbidatua. Eta, Saguganbaran ere izango du bere tartetxoa. Izan ere, egunero egongo da ijitoen tailerretan parte hartzeko aukera. Literatura eta irakurzaletasuna ditu oinarri Saguganbarak. Ezin ahaztu, beraz, irakurketa librerako tarteak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!