"Euskal sorkuntza ez dago krisian, ideia eta proiektu piloa daude"

Anboto 2012ko abe. 7a, 08:50

Aurten estreinako urtea du azokako zuzendari. Azken asteak mugimendu askokoak izan dira. Dagoeneko azokaren makineria erraldoia martxan dago, eta Goenagak desio nagusi bat du: \"Azokan batzen diren kate denak pozik geratzea. Desio hori betezen bada aurtengo Gabonak aurreratuta etorriko zaizkit\".

Aurten estreinako urtea du azokako zuzendari. Azken asteak mugimendu askokoak izan dira. Dagoeneko azokaren makineria erraldoia martxan dago, eta Goenagak desio nagusi bat du: “Azokan batzen diren kate denak   pozik geratzea. Desio  hori betezen bada aurtengo Gabonak aurreratuta etorriko zaizkit”.

 

Lehenengo urtea duzu Azokako zuzendari. Zelako esperientzia izan da orain arte?

Oso esperientzia positiboa izan da. Azoka proiektu handi bat da, bai dakarren sinbolismoagatik, bai betetzen duen funtzioagatik zein hartzen duen dimentsioagatik. Bere inguruan mugitzen diren eragile kopurua handia da. Alde horretatik, asko ikasteko balio duen proiektua da, oso motibarria bertan aritzeko.

 

Aipatu dituzun arrazoi horiek guztiek karga handia ahal dira erantzukizunaren aldetik?

Bai, baina proiektu honetan parte hartzea proposatu zidatenean, banekien non sartzen nenbilen; asko dira euren ahaleginak eta itxaropenak abenduko hitzordu honetara bideratzen dituztenak, eta badakigu  ilusio hori guztia bideratzea gure gain dagoela eta era egoki batean antolatu behar direla azpiegiturak, denen interesak modu egokian uztartuz.

 

Zure zereginen artean, zein da gatxen egin zaizuna?

Hain da proiektu handia, hain dakartza elementu asko, horren guztiaren argazki orokorra hasieratik barneratzea gatxa da. Kezka hori izaten da. Bestetik, argazkia osatzen duten pieza guztiek duten interesen arteko oreka bat bilatu behar da. Alde guztiei erantzun egoki bat ematen saiatu behar gara. Horiek izan  dira, beharbada, gure erronka nagusiak.

 

Argazki orokor hori egiterakoan zer ikusi duzu?

Alde horretatik ez dut zalantzarik, euskal kulturaren sorkuntza oso osasuntsu dago. Krisiak eragin dio, hori garbi dago. Azokan ere nobedade aldetik murrizketa egon da, baina ni ez nintzateke datu horrekin geratuko. Beste hainbat elementuren ondorioa da. Baina ideia bat bereziki azpimarratu nahi dut nik: euskal sorkuntza ez dago krisian. Sortzaileek ideia eta proiektu pila bat dituzte, eta hori igarri egiten da eragiten duten bizitasunean.

 

Aurten, hainbat elkarte azokako koordinazio mahaian egon dira lehnengoz. Aberasgarria izan da?

Oso aberasgarria izan da. Berez elkarlana beti egon da azokan. Baina  denborak aurrera egin ahala, eta azoka eraldatzen joan den heinean, elkarlan prozedura horiek aldatzen joan dira. Une honetako gure estrategiak koordinazio mahai bat eratzea eskatzen zuen. Diziplina berrietara jauzi bat eman dugu, eta horiek denak azokaren parte dira. Denok ari gara azokari begira lanean. Beraz, zer egokiagorik denok mahai baten inguruan jarri  eta ideak amankomunean ipintzea baino.

 

Hainbat diziplinari eskainitako zazpi gune ditu azokak . Horrek  bisitariak azokara erakartzeko amu berriak ere badira. 

Azken batean, azoka kate bat da, elkarri eragiten dioten askotariko guneen batura bat. Hori da helburua: euskal kultur sorkuntzaren inguruko hainbat profil batzea. Aurreko aldietan sortutako gune berriekin (Kabia, Szenetokia eta Irudienea) musika eta literaturatik jauzi bat eman dugu arte eszenikoetara, ikusentzunekora eta teknologia berrietara. Horrek guztiak etorkizunerako bidea ere erakusten du.

 

Gune berrien artean Plateruena sartu duzue. 

Plateruenaren izakera guk azokan trasmititzen dugun mezuaren gauzatzea da. Azokako filosofia gorpuztu egiten da Plateruenean. Orduan, zer naturalagorik Plateruana bera azokaren parte izatea baino. Aurreko urteetatik hona elkarlanerako formulak aztertzen ibili gara, eta uste dut asmatu dugula. Koordinazio mahaian egon dira beste hainbat elkartegaz batera, eta Plateruenaren ekarpenagaz gustura gaude.

 

Azokaren orain arteko bideari buruz jardun dugu. Bide horrek nora darama etorkizunean?

Ahal den diziplina artistiko gehien batu gura ditugu. Arte eszenikoen arloan antzerkiagaz hasi ginen. Aurten, saiakera bat egingo dugu bakarrizketekin. Baina beste hainbat diziplina daude. Dantza ere arte eszenikoa da, eta esparru zabala hartzen du:dantza garaikidea, klasikoa, folklorikoa… Komikiak eta argazkigintzak ere merezi dute gure arreta. Batzuk barre egiten didate aipatzen dudanean, baina bideo-jokoen mundua ere hor dago. Gero eta garapen handiagoa du, eta euskaraz ere egiten dira lanak. Industria indartsu bat badago gauza interesgarriak egiten. Horiek denak apurka-apurka sartzea da gure helburua. Baina hazkunde proportzionala eta sanoa izan dadila nahi dugu. Aurten,  iaz sortutako hiru gune berriak indartu gura ditugu,  eta horiek egonkortzen direnean, beste diziplina batzuk ezartzen joango gara.

 

Hasi berri den azokarako desioren bat?

Aipatu ditugun  kate horiek denak  pozik geratzea. Desio hori betetzen bada, aurtengo Gabonak  aurreratuta etorriko zaizkit.

 

Zein da ikusi duzun azken kontzertua? Eta irakurri duzun azken liburua?

Musikan, BECen egin zen Becatu jaialdia: Esne Beltza, Zea Mays, Berri Txarrak… Liburuari dagokionez, Toti Martinez de Lezearen Veneno para la Corona.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!