Gozategiren bideoklipa Durangaldean grabatu du Bideografikek

Anboto 2012ko abe. 7a, 08:47

Durangaldeko hainbat lagun egun batez aktore lanetan jarri ziren ‘Nirekin’-en bideoklipa grabatzeko

Durangaldeko hainbat lagun egun batez aktore lanetan jarri ziren ‘Nirekin’-en bideoklipa grabatzeko.

 

1992-2012 All Stars izena jarri dio Gozategik kaleratu berri duen diskoari. Taldeak bere ibilbidean ezagun egin dituen 13 abesti aukeratu ditu diskorako. Lan horretako abesti baten bideoklipa grabatu du Durangoko Bideografik ekoiztetxeak. Nirekin abestiari irudia jartzeko Durangaldeko hainbat pertsonen laguntza eskatu zuten. Egun batez, aktore lanetan jarri ziren lagunek abestiaren esaldiak abesten dituzte kamera aurrean. Ikus-entzunezkoa Irudienean izango da ikusgai.

 

Abesti guztiak berriro grabatu dituzte eta Mikel Irazoki Miguel Boseren zuzendari musikalarekin jardun dute. Elkarrek Donostian duen estudioan grabatu zuten diskoa, Jean Phocas eta Victor Sanchez teknikariekin, 2011ko azaroan. Hiru Grammy irabazi dituen Pepo Scherman musika ingeniariak eta Irazokik berak egin dituzte nahasketak, taldearekin elkarlanean. Pakia beyau abestirako, Orion bizi den Tabaski Diop senegaldarrak hitz batzuk esan ditu wolofez. Disko berrirako Joseba Aparicio eta Iñigo Peronak jo dituzte haizezko tresnak. Oriotarrek bi urte daramatzate taldearekin zuzenean, baina lehenengo aldiz sartu dira estudioan. Perkusioak, Yuri Nogueira kubatarrak jo ditu –Miguel Bosé, David Bisbal… bezalako artistekin aritua–. Bateria David Gorospe zarauztarrak jo du, gitarra Imanol Goikoetxeak, baxua Iñigo Goikoetxeak eta sdoinu txikia Asier Gozategik.

 

Irudienean ikusgai

Lekeitioko 35. Zine eta Bideo Bileran dokumental eta erreportaje profesional onenaren saria jasota aurkeztuko du Bideografikek Gure arbasoen ogibidea ikus-entzunezkoa azokan. Film labur honetan, Ander Ugarte artisauak pilotaren eta euskal kulturaren artean sortzen den harremanaren inguruko ikuspuntu pertsonala azaltzen du. Ikus-entzunezkoa gaur emango dute, 10:30ean, Irudienean. Bihar, berriz, Bideografiken Maddiren ametsa film laburra eskainiko dute, 10:30ean. Azokako aurreko edizioetan Durangoko sortzaileek estreinatutako beste film luze bi ere ikusgai izango dira: Psicobloc: Ur sakonetako bakardadea, eta Aizkora hotsak goi mendietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!