SeiUrte rockero, serio eta helduago bat "Atlantida"-n

Anboto 2012ko abe. 7a, 08:45

Baga Biga disketxeagaz kaleratu dute berriztarrek seigarren diskoa. Ahotsenean aurkeztuko dute gaur

Baga Biga disketxeagaz kaleratu dute berriztarrek seigarren diskoa. Ahotsenean aurkeztuko dute gaur.

 

Joan zen astean, Bilbon aurkeztu zuen SeiUrte Berrizko laukoteak taldearen seigarren diskoa: Atlantida du diskoak izena, eta musikarien berbetan, erronka berriak ekarri dizkie.

 

Aurreko bost diskoak bezala, pop doinuak oinarri hartuta egin dute Atlantida, baina rockera gehiago hurreratu dira seigarren honetan. Musikariek eurek azaldu dutenez, SeiUrteren ezaugarria den melodiaren indarra mantenduta, baina gitarrei protagonismo handiagoa emanda egin dute soinu ‘rockeroago’ horretarako bidea.

 

Aurrekoekin alderatuta, seigarren diskoa “serioagoa, helduagoa eta ilunagoa” dela ere azaldu dute taldekideek. Iokin Elortza taldeko abeslari eta gitarristak aurkezpenean azpimarratu zuenez, baina, “beti egin ditugu diskoak seriotasunez”.  Beharbada Atlantida disko berri honek “seriotasun itxura handiagoa” ematen duela onartu zuten, dena den.

 

Disko berria 2009an Baga Biga disketxeagaz kaleratu zutenaren “jarraipen hutsa” izaterik ez zuten gura SeiUrtekoek, eta bide berriak zabaltzea erronka moduan hartu dute : “Disko sakonago bat egitea” izan dute helburu. Luze eta gogor egin dute lan 1997an SeiUrte sortu zuten Iokin, Ekain eta Iñaki Elortza anaiek etaJulen Oarbeaskoa baxujoleak Atlantida-n.

 

Hamaika kantako diskoa da Atlantida. Iokin Elortzak aurkezpenean azaldu zuenez, 20 kanta prestatu zituzten, eta horietako hamaika aukeratu  disko berrirako. Diskoari izenburua ematen dion Atlantida kanta diskotik kanpo geratu zen galbahe horretan.

 

Urtarrilean ekingo dio laukoteak Atlantida zuzenean aurkezteko birari. Momentuz, urtarrilerako lotuta dauzkate Durangoko eta Ondarroako kafe antzokietako kontzertuak. Aurretik, baina, Ahotsenean joko dute, gaur, 12:00etan hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!