Plateruena azokako gune bihurtua

Anboto 2012ko abe. 6a, 08:43
Musika kontzertuak, dantza emanaldiak, ikuskizunak, elkarrizketak eta mahai- inguruak hartuko ditu Plateruena kafe antzokiak azokako egunetan

Musika kontzertuak, dantza emanaldiak, ikuskizunak, elkarrizketak eta mahai- inguruak hartuko ditu Plateruena kafe antzokiak azokako egunetan.

 

Plateruena betidanik azokaren parte izan den arren, aurtengoan gune moduan aurkeztu dute  egitarauan. Azokaren inguruan ekitaldiak antolatzen diharduten elkarte eta eragileekin Gerediagak sortu duen koordinazio mahaian ere jardun du aurten antzokiak. Beñat Gaztelu-Urrutia antzokiko kudeatzailearen berbatan, “Azokak ateak zabaldu dizkigu eta oso eskertuta gaude”. Egitaraua osatzeko askatasuna izan dutela eta benetako elkarlana sortu dela gaineratu du antzokiko kudeatzaielak.

 

Azokako egunetan lana etenik barik egiten dute Plateruenean. Ikuskizunetan diharduten profesionalez gainera, bisitariei tabernan edaten eta jaten emateko talde sendoa prestatu dute: “Urte guztiko kulturgune euskalduna garen arren, azokara egokitzen gara egun hauetan”.

 

Josep Lluis Carod Roviraren elkarrizketarekin zabalduko da azokako egunetan Plateruenean izango den egitaraua. Abenduaren 6rako Info7 irratiak Plateruenean antolatu duen zuzeneko saioaren barruan, Independentzia Olatua izenburupean elkarrizketatuko du te ERC alderdiko presidente ohia. Ondoren, Iñaki Soto (Gara), Iñaki Petxarroman (Berria)  eta Arantzazu Zugaztiren arteko (Noticias) mahai-ingurua entzuteko aukera egongo da.

 

Kontzertuak zuzenean

Disko berriak aurkeztera datozen taldeen kontzertuak mimo handiz prestatzen dabiltza. Ekitaldi aukeratuak izaten ei dira, eta bereziki zaintzen dituzte. Diskoa labetik atera berri duten taldeek biran erabiliko duten formatua erakusteko aukera izango dute  antzokiko oholtzan. Gatibu taldeak atzo eman zuen zuzenekoa. Bizardunak eta Vendetta taldeak izango dira gaur, gaueko 22:30ean, antzokian.

 

Aiko taldearen erromeria bariku eguerdirako prestatu dute, haren jarraitzaile fidelentzat. Gauean berriz, Nire kera zuriaren palian dago ikuskizuna eskainiko dute. Txalapartariak, Las Fanis, Arkaitz Estiballes, Vembrulé, Amets Arzallus eta Bien Me Saberen artean antolatutako ikuskizuna izango da. Abenduaren 8an, Etchart ahizpak eta Betagarri igoko dira taula gainera, kaleratu berri dituzten diskoetako musika zuzenean aurkeztera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!