Entzun, ikusi, irakurri, eta batez ere, kontatu eta hausnartzeko ipuinak

Anboto 2012ko abe. 8a, 08:40

Kulturaniztasuna, parekidetasuna, euskara... Urtxintxa Eskolaren \'Titiriteroen ipuinak\' bildumak balio ugariri egiten die keinu. Horretarako, letrak, ilustrazioak, brailea eta zeinu hizkuntza baliatu dituzte. Sortze-lanetan talde handia izan da, tartean, Durangaldeko hiru gazte

Kulturaniztasuna, parekidetasuna, euskara... Urtxintxa Eskolaren ‘Titiriteroen ipuinak’ bildumak balio ugariri egiten die keinu. Horretarako, letrak, ilustrazioak, brailea eta zeinu hizkuntza baliatu dituzte. Sortze-lanetan talde handia izan da, tartean, Durangaldeko hiru gazte.

 

Basoko animaliek ile barik dagoen lehoiari ile-orde bat egitea erabaki dute, ikasle fina ez, baina ipuinak  izugarri atsegin ditu Peruk, lau gaztetxok munduan barrena bidaiatu dute euskara Euskal Herrian zabaltzeko pistak hartzeko. Elkartasuna eta kulturaniztasuna lako balioei tira eginda, zortzi ipuinez osatutako Titiriteroen Ipuinak bilduma kaleratu du Urtxintxa Eskolak.

 

Ipuinak zortzi titiriteroren irudimenetik sortu dira, eta ohiko hizki eta marrazkiez gainera, CD eta DVD bana dakartza liburuak. Zeinu hizkuntza, brailea, eta soinu grabazioak dira ipuinon osagarri.

 

Titiriteroak honako hauek izan dira: Miren Amuriza, Jasone Osoro, Mireia Delgado, Josu Martinez, Juankar Lopez-Mugartza, Uxue Alberdi, Gotzon Barandiaran eta Pako Aristi. Ilustrazioak Nagore Txintxurreta iurretarraren esku  egon dira. Izen horiek, baina, liburuko parte-hartzaileen zerrendako zati txiki bat baino ez dira. Mireia Delgado ipuin kontalari durangarraren berbetan, “komunitate anitzari bideratuta dagoenez, horrek lantalde handia eskatzen du”.

 

“Ipuinek ideologia dute”

Urtxintxa Eskolak bere jardunean lantzen dituen balioak  batu gura izan dituzte ipuin bilduman. Mireia Delgadok nabarmendu duenez, umeentzako baino, helduentzako liburu bat da: “Bitartekaritza lana da honen funtsa. Helduek irakurri behar dituzte ipuinak umeentzat. Ikasi egin behar dituzte ipuinak, eta bere egin. Istorio bakoitzak esangura bat dauka bakoitzarentzat, eta hori da transmititzen duzuna”.

 

Ipuinetan prebentzio lana egin behar da Delgadoren ustez: “Askotan irakurri ere ez ditugu egiten oparitzen ditugun ipuinak”. Ipuinek transmititzen dituzten balioak aztertzeko premia nabarmendu du: “Zintzoena da esatea ipuin bat idazten duenak ideologia bat transmititzen duela, kontzienteki edo inkontzienteki. Eta ez daude ipuin onak edo txarrak, ipuinetan dagoena aztertu behar da, eta helduok bitartekari lan hori txukun egin behar dugu”.

 

Irudietan ere hausnarketa

Nagore Txintxurreta iurretarra izan da liburuko ilustrazioen arduraduna. Testurekin asko jokatu du eta asko zaindu du, esaterako,  parekidetasun arloa: “Estereotipoetan ez jausten ahalegindu naiz”. Lagun batek ikusi zuen Miren Amurizaren ipuineko protagonista, Xane, eta neska edo mutila ote zen galdetu zidan. Ondo dago hori hain argi ez egotea”.

 

 


Printzesa gabeko gazteluak eta aitonaren txapela magikoa

 

Bildumako ipuin bana idatzi dute Mireia Delgadok eta Miren Amurizak

 

Miren Amuriza bertsolari berriztarrak Aitona Ferminen txapela izeneko liburua idatzi du bildumarako. Hiru pertsonaia daude ipuinean: aitona, Xane umea, eta aitona zaintzen duen Rosa boliviarra. “Hiru pertsonak guztiz desberdinak izanda ere, elkarri zer gauza positibo eman ahal dizkieten kontatu nahi nuen”. Amurizak azaldu duenez, “ilusio handiagaz” hartu zuen parte hartzeko gonbita: “Oso berezia izan da nik idatzitakotik Nagorek egindako irudiak ikustea, eta zeinu hizkuntzan ipuina kontatzen ikustea ere bai”.

 

Mireia Delgado durangarra ohituago dago ipuinak kontatzen idazten baino, eta aitortu du: “idatzi nuenetik orain kontatzen dudanera, hamaika bertsio egongo dira”. Urrutiko erreinu batean deitzen da bere ipuina, eta gaztelu berezi bateko biztanleen gainekoa da: “Ez dago printzesarik, ez erregerik. Herriko jendea bizi da, eta lantaldetan antolatzen dira gauzak egiteko, ikusezinak diren gauza batzuk, jana egitea, adibidez, denen lana da. Arerio batzuek gazteluko jendea bahitzen dute, eta sekretuen jolasarekin komunikatzen dira gazteluko lagunekin.
Rol ikusezinak

 

Ipuinetan estereotipoetatik urrundu eta normalean lantzen ez diren rol batzuk lantzeko premia ikusten dute Urtxintxa Eskolan, “ikustezinak direlako”. Mireia Delgadoren berbetan, izekoren papera, esaterako, ez da agertzen. “Familia ulertzeko modua oso mugatua da. Gure historian familia zer izan den pentsatu behar dugu : sare handi bat. Zergatik ez sartu pertsona horiek guztiak? Nork aukera dezake guraso izatea, gaur egun,  sare hori gabe?”.

 

Emakumeek ipuinetan duten rolei buruz ere berba egin du: “Ipuinetan agertzen diren emakumeak beti dira norbaiten zer edo zer. Eta protagonistak badira, ikus dezagun zer egiten duten istorioan. Ez bakarrik nork salbatzen duen nor. Nor da aktiboena? Nork entzuten du? Nork dauka segurtasun-eza?” 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!