"Juan Pablo II.a Aita Santuak nire makila bi jaso zituen"

Anboto 2012ko abe. 5a, 12:31
Arbasok urtero banatzen dituen sarien artean bizitza osoko dedikazioari zuzendutakoa Iñaki Alberdi makilagileak jasoko du

Abenduaren 5ean, 19:30ean, San Agustin Kulturguneko galan Artetsu Sariak banatuko dituzte.

 

Sari nagusia Iñaki Alberdi irundarrak jasoko du. Beste hainbat alderdi sarituko dituzte. Aurten sari berri bat banatuko dute. Artisautzaren zabalkundea euskaraz egiten duten lagunak ere sarituko dituzte aurrerantzean. Aurten Berbaro Elkarteko Fernan Ruiz sarituko dute, Euskal Denda euskaraz  hedatu dadin egin duen lanagatik: “Dedikazio handiz lan egin du  eta urte askoan gainera”, gogoratu du Vidalek. Erakundeei zuzendutako saria Urduñako Udalak eta Olaran elkarteak jasoko dute; hedabideena El Correok eta laguntzarena BBK Fundazioak.

 

Arbasok urtero banatzen dituen sarien artean bizitza osoko dedikazioari zuzendutakoa Iñaki Alberdi makilagileak jasoko du.  Alberdik (63 urte, Irun, Gipuzkoa) 30 urte darama euskal makilak egiten. Hasi zenetik hona milaka egin ditu bere Irungo tailerrean. Horietako batzuk ekitaldi ofizialetarako izan dira. Esaterako, Juan Pablo II.a Aita Santua izandakoarentzako makila bi egin zituen.

 

Noiz jaso zenuen sariaren berri?

Bernatek —Vidal, Arbaso elkarteko presidentea— deitu eta bizitza osoa artisautzan ibili naizela-eta, Artetsu saria emango zidatela jakinarazi zidan. Ez nuen horrelakorik espero. Oso pozik hartu nuen albistea.

 

Euskal Dendara sarritan etorri zara zure makilak erakustera?

Orain ez naiz azoketara joaten. Makilak egiten hasi nintzenean inork ez ninduen ezagutzen eta Euskal Herriko hainbat azoketara joaten nintzen, nire makilak erakusten. Ondoren, apurka-apurka lana pilatzen hasi zitzaigun eta denera ezin genuenez heldu, azoketara joateari utzi nion. Gero, badakizu zer gertatzen den; azoka batera joanez gero, beste toki batzuetatik ere deitzen dizute eta konpromisoak pilatu egiten dira.

 

Noiz eta zergatik hasi zinen makilak egiten?

Orain 30 urte hasi nintzen makilagintzan. Gure aita artisaua zen. Etxean betidanik ezagutu dut artisau tailerra. Gaztetan mekanika ikasi nuen lanbide eskolan. Ondoren, galdara-fabrika batean lan egin nuen urtebetez. Esperientzia horrek ez ninduen konbentzitu eta soldadutzatik bueltan, aitaren tailerrean geratu nintzen. Ipar Euskal Herrian makilagintza oso zabalduta zegoela ikusi genuen, eta gure inguruan ez zegoen makilak egiten zituen inor. Hango artisauekin hartu-emanetan ipini eta orduan hasi nintzen makilak
egiten.

 

Erreleboa segurtatuta daukazu.

Bai. Urte eta erdi barru jubilatuko naiz eta semeak hartuko du erreleboa. Pozgarria da. Alde batetik, negozioa martxan dago, apurka makilagintza Hego Euskal Herrian sartzen ari gara eta pena izango litzateke hori guztia etetea. Bestetik, semeak jarraituko du tradizioagaz, eta negozioa etxean geratuko da.

 

Makilagintzak badu eskaerarik?

Hasi nintzenetik gaur arte, ni neu makilagintzatik bizi izan naiz. Ez gara aberastu, baina bizitzeko adina ateratzen dugu eta aurrera! Euskal Herri osotik egiten dizkigute eskaerak. Udan, gure lanaren berri interneten ematen hasi ginenetik mundu osotik deitu digute. Orain hurrengo eskaera Australiatik egin digute. Hego Amerikatik ere deitzen dute: Argentina, Kolonbia…

 

Zergatik da hain berezia euskal makila?

Makilak mizpirekin egiten dira. Udaberrian basora mizpira basatien bila joaten gara. Neurri egokidun materiala aurkitzen dugunean, labanagaz marka batzuk egiten dizkiogu azalean. Horren ondorioz egurrari erliebe originalak sortzen zaizkio. Neguan moztu eta landu egiten ditugu. Hori da euskal makilaren berezitasuna, beste inon egiten ez dena. Bestalde, artisautzak duen berezitasunik handienetakoa da ez daudela berdinak diren pieza bi. Nahita ere ezingo genituzte makila berdin bi egin. Basora joan, egurrari ebakiak egin eta naturak bere lana egiten du. Ondoren, makila apaintzeko jartzen ditugun zorroak eta gainerako detaileak ere eskuz eginak dira.

 

Ohiko makilez gainera, ekitaldi ofizialetarako makilak ere egin izan dituzu.

Juan Pablo II.a Aita Santua izandakoak nik egindako makila bi jaso zituen. Lehenengoa, sasoi hartan lehendakaria zen Carlos Garaikoetxearen eskutik hartu zuen, Loiolako Basilikara etorri zenean. Bigarrena, Arabako diputatu batek eman zion, Arabako hiru moja beatifikatzeko Vaticanora egindako bidaia batean. Zilarrezko heldulekua zuen makila hark. Espainiako erregeak ere badu nire makila bat. Euskadin lehendakaria aldatzean, batak besteari pasatzen dion makila ere neuk egindakoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!