Txomintxo eta Perutxoren abenturak Durangoko Azokan

Anboto 2012ko abe. 8a, 08:16

\'Txomintxo eta Perutxoren abenturak\' liburua argitaratu dute Txomin eta Peru Magdalena anaia durangarrek azokarako

Txomintxo eta Perutxoren abenturak liburua argitaratu dute Txomin eta Peru Magdalena anaia durangarrek azokarako.

 

Txomintxo eta Perutxoren abenturak liburu berria kaleratu dute Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako Txomin eta Peru Magdalena anaia durangarrek. Zortzi urtetik gorako umeei zuzendurikoa da liburua, eta Durangoko anaien testuak eta Iosu Mi-txelenaren ilustrazioak batu ditu.

 

Iaz, Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean ipuina argitaratu zuen Peru Magdalenak,  eta oraingoan ere, pertsonaje berberen ibilerak kontatzen ditu anaiarekin batera egindako lanean. Aurrekoarekin alderatuta, ostera, Txomintxo eta Perutxoren abenturak liburuak bost ipuin jaso ditu. Egileen izen bereko protagonistak amaren sabelean daude liburuko lehenengo ipuinean. Aurrera egin ahala, Txomintxok eta Perutxok eskolako jantokian bizi dituzten abenturak eta beste hainbat gorabehera kontatzen dituzte azken liburu honetan.

 

“Ganberroagoa, beharbada”

Ipuin bakarra kontatzen zuen Peru Magdalenak Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean lehenengo liburu hartan. “Misteriosoagoa” zen idazleak berak azaldu duenez. Txomin anaiak argitu duenez, azken liburu hau “dibertigarriagoa eta ganberroagoa da, beharbada”. Azken bi ipuinak “fantasiosoagoak” dira, anaia durangarrek nabarmendu dutenez.

 

Durangoko azokan, Elkar argitaletxearen standean egongo dira bi egileak, lan berria erakusten. Joan zen azaroan aurkeztu zuten liburu berria Durangoko Hitz liburudendan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!