"Hazi egin da emakume ijitoen parte hartzea gizarteko hainbat esparrutan"

Anboto 2012ko abe. 7a, 08:11

Kale dor Kayiko elkartean berdintasun eta osasun saileko koordinatzailea eta Sim Romi emakume ijitoen elkartean presidentea da Rosa Jimenez. Hitzaldia eskainiko du, gaur, 15:30ean

Kale dor Kayiko elkartean berdintasun eta osasun saileko koordinatzailea eta Sim Romi emakume ijitoen elkartean presidentea da Rosa Jimenez. Hitzaldia eskainiko du, gaur, 15:30ean.

 

Zein izango da Durangoko azokaren barruko Sim Romi  elkartearen parte hartzea?

 

Bi espazio desberdinetan hartuko dugu parte. Batetik, 2010ean Bizkaiko Aldundiaren Berdintasuna saria jaso zuen proiektuari buruzko berbaldia eskainiko dugu. Gazteekin berdintasuna lantzeko egiten dugun lana azalduko dugu. Bestetik, artisautza azokaren barruan hainbat erakustaldi egingo ditugu: zumezko saskiak zein kafea zelan egiten zituzten, edota aintzinako emakume ijitoek zelako arropa erabiltzen zuten erakutsiko dugu, besteak beste. Ijito herria su baten inguruan zelan bizi zen ere erakutsiko dugu.

 

Zertan datza zuen elkarteak gazteekin egiten duen lan horrek?

Proiektua 16 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta. Bost tailer burutu ditugu Bilbon, familiaren barruko rolen inguruan gogoeta egiteko. Etxe barruko erabakiak hartzea, lanen banaketa, etab. lantzen dugu gazteekin.

 

Zelako emaitzak izan dituzue?

Oraindik ezin dugu esan jarrera aldaketa handi bat gertatu denik, baina aldaketarako prozesua abiatu dugu. Uste dut oso esperientzia positiboa dela, gazteak konturatzen hasi baitira emakumeak aurrera egingo duela.

 

Elkartea sortu zenutenetik, zer aurrerapauso eman dira?

Nire ustez, aurrerapauso garrantzitsua izan da, esaterako, gizarteko hainbat esparrutan emakume ijitoak daukan parte-hartzea asko hazi dela. Hainbat arlotan zer egin nahi duen erabakitzen hasi da emakumea: arloakademikoan, esaterako. Bestalde, gogoetarako espazioak sortu beharraz  eta estereotipoak apurtu beharraz ere ohartu da emakume ijitoa.

 

Elkartea emakumeentzako erreferentzia gune bilakatu da?

Bai. Dena den, Bilboko Txurdinaga auzoko gure bulegoan batu baino gehiago, bertatik bultzatzen ditugun programetan parte hartzen dute emakumeek; esaterako, aisialdiko programa bat daukagu martxan: askok ez dakigu aisialdiaz gozatzen. Emakume ijitoen partetik, aldaketa igarri dugu zentzu horretan. Zer egin nahi duen erabakitzeko autonomia eskuratzen doa emakume ijitoa, apurka-apurka.

 

Emakumearen autonomia eta independentzia lantzeko indar berezia egiten duzue?

Bai, hain zuzen, herri ijitoan aldaketa handienak bultzatu ditzakeena delako emakumea. Familiaren zutabe garrantzitsuena gara, eta guk aldaketarako indarra egiten badugu, horrek gizarte osoari eragingo dio. Emakumeak garrantzi handia dauka hezkuntzan, balioen transmisioan, eta abarrean. Emakumea, ijitoa eta formazio akademikorik gabea izateak orain arte ekarri digun diskriminazio hirukoitza desmuntatzen hasteko garaia da. 

 

Emakume ijitoek Durangoko Azokan edukiko duten parte-hartzearen beste adibide bat, ipuin kontalaritza saioa izango da. Umeei zuzenduta, Saguganbara gunean egingo duzue, ezta?

Bai, Soraya Motos elkarteko kideak idatzi duen Jani eta ilargia liburuan oinarrituriko ipuin kontalaritza saioa eskainiko dugu. Ipuin ijitoen inguruko liburua da Jani eta ilargia. Sei ipuin biltzen ditu liburuak, eta gazteleraz, euskaraz eta ijitoeraz kaleratu dute. Amamari entzundako ipuinekin egin du Motosek liburua. Saio bi eskainiko ditu, abenduaren 7an goizean eta arratsaldean.

 

Zelan hartu duzue Durangoko azokan parte hartzeko aukera?

Euskaldunontzako hain inportantea den ekintza konpartitu ahal izatea itzelezko poztasuna da guretzat: oso gauza polita da batzen gaituen hori elkarrekin gozatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!