Kultura ijitoa eta euskalduna ikuskizun batean fusionatuta

Anboto 2012ko abe. 6a, 08:09
Bertsolaritza, txalaparta, eta flamenkoaren hainbat estilo nahastuta sortu dute azokarako, ‘Nire kera zurearen palian dao’ ikuskizuna

Bertsolaritza, txalaparta, eta flamenkoaren hainbat estilo nahastuta sortu dute azokarako, ‘Nire kera zurearen palian dao’ ikuskizuna.

 

Erromintxelazko izenburua ipini diote Durangoko Liburu eta Disko Azokarako kultura ijitoa eta euskalduna nahastuz sortu duten ikuskizunari: “Nire kera zurearen palian dao” deitu dute ikuskizuna, hau da,“Nire etxea zurearen ondoan dago”.

 

Abenduaren 7an, 22:30ean, Plateruenean izango da txalapartaren doinua, bertsoak eta flamenkoa batzetik sortu duten ikuskizuna. Azokaren irekieran ere eskainiko dute, bestalde, emanaldia: abenduaren 6an, 12:00etan, Areto Nagusian.

 

Asier Gonzalez eta Urtzi Ugalde txalapartariek, Las Fanys, Vembrulé eta Bien Me Sabe flamenko taldeek eta Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballes bertsolariek parte hartuko dute ikuskizunean.

 

Bertsolaritza eta txalaparta, eta flamenkoaren hainbat estilo uztartuko dituzte Nire kera zurearen palian dago ikuskizunean. Izan ere, flamenkoaren esparru desberdinetan diharduten hiru taldek parte hartuko dute emanaldian: rumba eta hip hop-a egiten duen Zeberioko Las Fanys bikoteak, pop flamenkoan diharduen Vembrulé taldeak, eta kantu flamenko ezagunen bertsioak egiten dituen Bienmesabe taldeko flamenko kantariak, gitarrista eta perkusionistak ariko dira Plateruenean.

 

Gitarren eta kantearen doinu flamenkoei berbak eta erritmo berriak ipiniko dizkiete Gau Ijito horretan, bestalde, Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballes bertsolariek eta Asier Gonzalez eta Urtzi Ugalde txalapartariek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!