"Erromintxelak erakusten du posible dela elkarbizitza"

Anboto 2012ko abe. 8a, 08:03

Ijitoen kulturaren alde lan egiten duen Kale dor Kayiko elkartearen presidenteordea da Oscar Vizarraga. Abenduaren 9an \'erromintxela\' hizkeraren inguruan jardungo du

Ijitoen kulturaren alde lan egiten duen Kale dor Kayiko elkartearen presidenteordea da Oscar Vizarraga. Abenduaren 9an ‘erromintxela’ hizkeraren inguruan jardungo du.

 

Zenbat denbora daramazue azokarekin elkarlanean?

Hiru urte daramagu Durangoko azokan parte hartzen. Gerediagari proposamena egin genion aurtengo azokaren kultura gonbidatua kultura ijitoa izan zedin, eta oso ondo hartu zuten. Ilusio handiarekin dihardugu alde biek.

 

Zelan hartu zuen Gerediagak zuen proposamena?

“Arrazoia!”, izan zen erantzuna. Penintsulako herriak, zein munduko herrialdeak gonbidatu  dituzte azken urteetan. Euskaldunekin bizitzen 600 urte daraman kultura ardatz proposatu genien.

 

Elkarteko jendeak zelan hartu zuen azokaren parte izatea?

Ilusio handiarekin. Kale dor Kayiko elkartean dihardugunok oso inplikatuta gaude gure herriarekin eta kulturarekin. Euskal Herriko ijitoen elkarte guztiak batzen dituen batzordeak ere parte hartu du antolakuntzan, eta beraz, herritar askorengana ailegatu da parte hartzeko proposamena.

 

Mahai-inguru batean ere parte hartuko duzu zuk, gainera.

Bai, egunero azokan egoteaz gainera, abenduaren 9an Erromintxelari buruzko mahai-inguruan parte hartuko dut. Azokako gure parte-hartzearen zutabeetariko bat izango da hori. Erromintxela, orain edo sekula ez izenburua ipini diogu mahai-inguruari. Sinbiosi kulturala posible dela erakusten du erromintxelak: euskaldunaren eta ijitoaren nahasketaren adibidea da hizkera hori.

 

Erromintxela euskaldunek ulertu ez zezaten ijitoek sorturiko hizkera dela idatzi dute zenbaitek...

 Izan liteke euren kontra zegoen eta aurreiritziak zituen gizarte batean bizirauteko, euren identitatea gordetzeko defentsa moduan erabili izana erromintxela ijitoek. Zapaldutako herria izan da beti ijitoa, ijitoak ez dira zapaltzaile izan. Gizartearen aurreiritzi eta beldurren biktima izan da herri ijitoa. Elkarteak sortu arte iruntzi egin behar izan ditugu aurreiritzi guzti horiek. Euskal kultura ere ez da ijitoengana asko hurreratu, askotan aurreiritziei oihartzuna eman die.

 

Euskaldunok ere badakigu zein zaila den kultura minorizatu bat iraunaraztea.

Bai. Beste herrialde batzuetan erromintxelari buruz berba egin dugunean, asko harritu dira ikerlari guztiak. Bereak ez diren kultur ezaugarriak bere egitea onartu duen munduko kasu bakarra da ijitoena: ijitoak bere kulturaren parte bat laga du euskararen alde. Oso gauza berezia da hori.

 

Nortzuk hartuko duzue parte mahai-inguruan?

Josune Muñoz euskal filologo eta Eskolastikako kideak, Nicolas Jimenez ikerlariak, Jose Luis Lizundiak eta neuk. Erromintxela dialekto bat, baina talde etniko bat ere badela azaldu gura dugu, besteak beste, mahai-inguru horretan: talde etniko bat eratu du erromintxelak. Kultura ijitoaren ezaugarri eta jarrera sozial batzuk aldatzea ekarri du, euskaldunaren alde. Ijito euskaldunen gizarte taldea eratu du. Ijitoen eta euskaldunen antza daukate, baina beste zerbait dira. 

 

1995ean egindako ikerketa hartuko duzue mahai-inguruaren oinarritzat?

Bai, baina egin genuen ikerketa horren aurkezpena egitea baino, gura duguna da aldarrikatzea, ikerketa hori amaitu eta publiko egin behar dela. Erromintxela fenomeno soziolinguistikoak erakusten du posible dela elkarbizitza, eta posible dela mestizajea. Bestalde, ikerketa bera eskuratu gura duenak, kultura ijitoaren azokako erakusmahaian eskuratu ahal izangodu, pen drive batean.

 

Zein da erromintxelaren egoera gaur egun?

Egia da hiztun gutxi daudela, baina  bizirik dago. Hiztunak egotea arrakasta da berez, ikertu daitekeelako. Aldarrikatzen duguna da, urgentziazkoa dela ikerketa hori bizirik dagoen artean amaitzea.

 

Ijito gazteek ezagutzen al dute erromintxela?

Kultura ijitoari buruz gabiltzanean, kontuan hartu behar da ijito gehienok, gure bizimoduagatik, ez dugula unibertsitatean ikasi. Asko ez dira ohartzen hizkuntza hori mantentzeak daukan garrantziaz. Hitz egiten eta transmititzen dute, euren identitate zeinu bat delako. 

 

Asko geratzen zaigu elkarrengandik ikasteko.

Elkar ezagutzea falta zaigu. “Elkar ezagutzeari elkar aintzatestea gehitzen badiogu, errespetua da emaitza”, dio gure esloganak. Elkar ezagutzeko aukera da Durangokoa. Beste gauza bat da aintzatestea. Horretarako borondatea behar da, eta horixe eskatzen diegu bai payoei, bai ijitoei. Ijitoak payo guztiak ez direla gurekin txarrak izan konturatzea nahi dugu. Felipe VI.ak XVIII. mendean ijitoen kontra egindako  Sarekada Handian, injustiziaren kontra altxatu ziren hainbat payo: euren etxeetan hartu zituzten ume ijitoak eta euren abizenak eman zizkieten. Historia ezagutu behar dugu guztiok. Zoritxarrez, aurreiritzi asko daude oraindino. Asko dago egiteko, eta guregan dago aldaketarako indarra.

 

Kultura gonbidatuari lotutako ekitaldiak

 

Abenduaren 6an

  • 12:00 Nire kera zurearen palian dao ikuskizuna, Areto Nagusian. (Txalapartariak; Las Fanis, Vembrulé eta Bienmesabe taldeak; eta Arkaitz Estiballes eta Amets Arzallus bertsolariak).
  • 15:30 Ijitoen tailerrak: txapak, margoak...  Saguganbaran.

Abenduaren 7an

  • 15:30 Ijitoen tailerrak: txapak, margoak...  Saguganbaran.
  • 15:30 Emakume ijitoaren aldarria berbaldia, Areto Nagusian.
  • 16:00 Latcho Drom filmaren emanaldia, Irudienean.
  • 16:30 Emakume ijitoen ipuin kontaketa saioa, Saguganbaran.
  • 22:30 Nire kera zurearen palian dao ikuski zuna, Plateruenean. (Txalapartariak; Las Fanis, Vembrulé eta Bienmesabe taldeak; eta Arkaitz Estiballes eta Amets Arzallus bertsolariak). 

Abenduaren 8an

  • 11:00 Emakume ijitoen ipuin kontaketa saioa, Saguganbaran.
  • 15:30 Ijitoen tailerrak: txapak, margoak...   Saguganbaran.


Abenduaren 9an

  • 15:30 Ijitoen tailerrak: txapak, margoak...  Saguganbaran.
  • 17:15 Flamenkoari buruzko berbaldia, Areto Nagusian.
  • 18:00 Erromintxelari buruzko mahai-ingu rua, Areto Nagusian. Josune Muñoz, Oscar Vizarraga, Nicolas Jimenez eta Jose Luis Lizundia.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!