'Morritson eta Gartzia' 3D-ko filma aurkeztuko dute

Anboto 2012ko abe. 7a, 08:57

Euskaraz 3D formatuan ekoizten den lehenengo film luzea da

Euskaraz 3D formatuan ekoizten den lehenengo film luzea da.

 

Morritson eta Gartzia, aurkeztuko dute Aiert Goenaga eta Jon Urraza zinema zuzendariek azokako Irudienea gunean. 3D formatuan egindako euskarazko lehenengo film luzea da, eta Durangoko Azokagaz elkarlanean jarri dute martxan proiektua. Aiert Goenaga, filmaren zuzendarietako bat eta ekoizlea izateaz gainera, azokaren zuzendaria da. Aurrekontu txikiagaz grabatu dute filma: bost egunean eta 30 orduko grabazioagaz ekoiztu dute ordu eta laurdeneko iraupena duen film luzea.

 

Jon Urrazaren Morritson eta Gartzia,  antzezlana izango da filmaren oinarria. Urraza filmeko zuzendaria izateaz gainera,  aktore nagusia da, Leire Olaranekin batera. Gidoiak komedia eta drama modu sinesgarrian nahasten dituela azaldu du Urrazak. 

 

Aspaldiko partez, parrandan elkarrekin batu ostean, Gartzia (Jon Urraza) bere lagun Morritsonen (Leire Olaran) etxean geratuko da \'lotan\'. Egonaldia, baina, hasieran uste baino askoz gehiago luzatuko da. Morritson, garai bateko punkia, ezkontzetan jotzetik bizi da egun; Gartzia, ostera, zerotik hasi eta antzezlan urratzaile bat estreinatzeko gogoz dabil. Bien artean zerbait egingo dute? Zer? Inspirazioaren bila, eguneroko hainbat bizipenekin egingo dute topo, bikote arteko gorabeherak eta ikusleek espero izango ez duten bukaerarekin.

 

Bideoklipak 3D-n

Morritson eta Gartzia film luzearekin batera, Gosek, Keu Agirretxeak eta Mikel Clementek 3D formatuan grabatu dituzten bideoklipak aurkeztuko dituzte Irudienea gunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!