"Jendearekin daukadan harreman hori izugarrizko saria iruditzen zait"

Anboto 2012ko abe. 6a, 09:00

Benito Lertxundik (Orio, 1942) jasoko du aurtengo Argizaiola saria. Aitortza ikusten du sarien atzean, onespena eta maitasuna ere bai. Baina, bere ustez, lanbidea bera da saria. Ez dago geldi, ez kantugintzan ez hausnarketan

Benito Lertxundik (Orio, 1942) jasoko du aurtengo Argizaiola saria. Aitortza ikusten du sarien atzean, onespena eta maitasuna ere bai. Baina, bere ustez, lanbidea bera da saria. Ez dago geldi, ez kantugintzan ez hausnarketan.

Zer sentsazio sortu dizu sariak?

Egiazki esateko, askotan saria jasotzeko momentu hori ez zait gehiegi gustatzen. Pixka bat arraro sentitzen naiz. Beharbada, oraindik hor, martxan, gabiltzalako izango da. Jubilatuta egongo banintz ez dakit zer efektu egingo lidakeen. Gainera, gure lanbidea beti da saria, kontzeptu batean nolabait esateko: jendearen txaloa, onespena, batzuetan maitasuna ere bai... Baina beno, sarian beti ikusten duzu errekonozimendu edo aitortza bat, eta maitasun puntu bat ere bai. Hori guztia beti polita da.

Zelan gogoratzen dituzu Azokaren hasierak?

Azokaren eta Ez Dok Amairu-ren sorrerak urte berean izan ziren, 1965ean. Bidean elkarrekin joan gara. Bigarren urtean, hiru han egon ginen txoko batean ipinitako tabladu txiki batean. Lourdes Iriondo zen bat, eta bestea ez dakit Lete edo Laboa zen. Garai hartan denok gazte ginen, eta denok geunden hazten. Gauza berri baten aurrean geunden.

Zelan ikusi duzu Azokaren eboluzioa?

Gaurkoak ez dauka ordukoarekin zer ikusirik. Ez dira alferrik pasa ia 47 urte. Gauzak hasten direnean, beti ahalegin bat egiten duzu, gauzak ikasten-eta. Gero, urteekin, ibiltzen ikasten duzu, tradizio bat egiten da, kasik erritu bihurtzen da... Euskararen egunak dira, nolabait esateko. Denborarekin sona eta kategoria hartu du. Errealitate egin da.

Eta zure eboluzioa?

Bistan da ni ere ez naizela ordukoa, urte asko pasa direlako niregan ere. Aldaketak ere egon direlako; ez ofizioan edo gauzak egiteko moduan, baizik eta nire eboluzioan. Orduan ulertzen ez nituen gauza asko ulertzen ditut orain, eta alderantziz izan daiteke. Aldatzen goaz, uneoro. Urteetan eta urteetan, pertsonak gure metamorfosia esperimentatzen ari gara. Azkenean, guk gure laginak uzten ditugu diskoetan, eta horiek kontsumitzen dituen jendeak agian ñabardura gehiago ikusten ditu, ni egunero hil-birjaiotze horretan bizi naizelako.

Igartzen al duzu jendearen maitasuna?

Bai. Oso nabarmena da. Oso pribilegiatua sentitzen naiz. Gustatzen zaidan hori egiten pasatzen ari naiz bizitza. Jendearekin dudan harreman hori, konplizitate edo afektibotasun hori, izugarrizko saria iruditzen zait.

Aurten, Oroimenaren oraina disko berria aurkeztu duzu.

Konturatu naiz, lanbide honetan gabiltzanok askotan ez dakigula noiz ari garen lanean eta noiz ez. Ematen du, ez ez garela ari ezer egiten, baina bagabiltza barruko labe horretan gauzak egosten. Eta halako batean atera egiten dira. Fase horretan ere egon nintzen denboralditxo bat ezer egin gabe. Batzuetan beldurra ere izaten da gauza berri batekin hasteko. Bat-batean hasi nintzen, eta egia esan azken disko honetan oso ondo pasatu dut, inoiz ez bezala. Oso erraz atera den diskoa da hau. Gainera, gozarazi egin dit. Adibidez, estudioko lanak ez zaizkit gustatzen, behin ere ez zazikit gustatu izan. Kasu honetan, estudioan ere inoiz baino azkarrago egin dugu diskoa. Azken egunean kasik penatuta bezala atera nintzen estudiotik. Nire ibilbidean zerbait berria da hori. Hori guztia diskoarekin dago; energia ona daukala iruditzen zait.

Zer hartzen duzu kontuan abestiak sortzerakoan?

Lehenengo kezka letra izaten da, zer esan. Egia esan, ez dakit zer dagoen lehenago eta zer dagoen atzetik. Azkenean, gauza bera da. Kantua, hitzak berak definitzen du dena dela, bere osotasunean. Baina, orokorrean letra batetik hasten naiz. Letra daukadanean, letra hori da kantuaren mapa. Letrak askotan eskutik eramaten zaitu; ematen du batzuetan letrak badakiela zer nahi duen eta zer ez. Batez ere, lehenik, zer nahi ez duen. Letra bat fundamentu gutxirekin musikatzen hasten zarenean, letra segituan hasten zaizu protesta egiten. Ikusten duzu ez duela adierazten adierazi beharko lukeena. Kantari, bertutea ikusten diozu, esaten duzun hori lehen momentutik oso ondo irakur daitekeenean. Orduan badakizu musikak laguntzen diola. Zaila da teorian esplikatzen, baina senak esaten dizu orain dagoela ongi, eta ez lehen.

Zure abesti asko dagoeneko herriarenak direla esan ahal da.

Benetako patua hori da. Kantuak ez dira guk gure etxean edukitzeko; kantuek hegan egiten dute. Behin gure eskuetatik joan direnean, bizitza propioa daukate. Arnasteko haizea bezala; haize hori leku guztietan ibili da.

Zein erreferentzia duzu musikan?

Disko hau entzunda, jende guztiak esango dizu Leonard Cohen. Lehen aldiz entzun nuenean, segituan hurbilekoa egin zitzaidan. Ordurako, Orbaitzetako arma olaren kantua eta antzekoak banituen. Ordutik, betidanik belarria jarri diot Coheni. Bere estetikaren joerak niregan ere badaude.

Arakatzen ibiltzekoa al zara?

Garai batean gehiago egiten nuen orain baino. Musikarekin gertatzen zait, hainbeste etortzen zaigula gaur egun zeharka, eskatu gabe... Bazter guztietan, sartzen zaren tokietan musika daukazu: tabernan, dendan, irratian... Kasik ematen du isiltasunari ez diogula posibilitaterik ematen. Propio, neuk jarrita, oso gutxi entzuten dut.

Saria ibilbideari lotutakoa da. Baina ibilbidea ez da amaitu...

Nire filosofian beti egon da ez dudala ulertzen kantari batek edo lan espiritual bat egiten duen batek zergatik jubilatu behar duen. Ni jubilatuko nau osasunak, ez adinak. Sasoian nagoen bitartean, ez dut ikusten inolako arrazoirik uzteko. Ongi nago eta honetan jarraituko dut, hori dakit egiten-eta.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!