Guneen azoka, inoizko egitarau zabalenarekin

Anboto 2012ko abe. 6a, 08:51
2012ko Euskal Liburu eta Disko Azokak gozatzeko egun bat gutxiago izango du aurten. Hala ere, 300 ekitalditik gora antolatuko dituzte azokako zazpi guneetan

2012ko Euskal Liburu eta Disko Azokak gozatzeko egun bat gutxiago izango du aurten. Hala ere, 300 ekitalditik gora antolatuko dituzte azokako zazpi guneetan.

 

Murrizketek alde guztietan eragin dute, eta azoka ez da gutxiago izan. Egungo egoera ekonomikoa dela eta, azokari egun bat kentzea erabaki du  Gerediaga elkarteak. Bost egun barik, lau iraungo du, beraz, Durangoko 47. Liburu eta Disko azokak. Erabaki horrek egitarauan ez du eraginik izan, baina. Azokako egunetarako 300 ekitalditik gora prestatu dituzte. Egitarau hori guztia azokako zazpi gunetan banatu dute: Areto Nagusian, Ahotsenean, Irudienean, Szenatokian, Kabi@nPlateruenean eta Saguganbaran.

 

Elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute behin eta berriro azokaren antolatzaileek. “Elkarlana ardatza izan da egitaraua antolatzeko, eta guneak kudeatzeko”, azaldu du Nerea Mujika Gerediagako presidenteak. Aurten gune bakoitzaren antolatzaileekin koordinazio mahaia eratu dute. Azokaren izakera irekia eta parte-hartzailea erakusten duten ekimenak “finkatu eta indartzea” dutela helburu gaineratu dute. Platerueneko emanaldiak azokaren egitarau ofizialaren parte dira. Aurkezpenean azaldu zutenez, “erreferente bilakatu dira Platerueneko kontzertuak”.

 

Areto Nagusia

Azokaren inaugurazio ekitaldia, Nire kera zurearen palian dao gaur izango da, 12:00etan. Euskal kultura eta ijito kultura batzen dituen fusio ikuskizuna izango da. Bertsoak, musika eta txalaparta uztartuko dira, Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballesekin, besteak beste. 

 

Ahotsenea

Azoka zabaltzen denetik ateak zarratu arte, sortzaileek euren lanak aurkezteko lekua izango dute Ahotsenean. Aurten, 88 emanaldi aurkeztuko dituzte Ahotsenea Gunean. Liburu aurkezpenak eta kontzertuak tartekatuko dira, besteak beste.

 

Irudienea

Euskarazko ikus-entzunezkoen txokoak hainbat nobedade dakartza aurten. besteak beste, 2012an euskaraz 3Dn egindako ekoizpenen proiektatuko dituzte aurten.

 

Szenatokia

Arte eszenikoen gunean, umeentzako argazki maratoia eta beste hainbat ikuskizun prestatu dituzte San Agustin Kulturgunean.

 

Kabi@


Teknologia berrien espazioan, Euskarazko Wikipediaren elikatze masiboaren proiektua erakutsiko dute eta QR kode bidez ‘Altxorraren bila’ ibiliko dira, besteak beste.

 

Plateruena

Beste ekitaldi askoren artean Gatibu eta Betagarrik kaleratu berri dituzte lanak jendaurrean erakutsiko dituzte. Musikaz gainera, Info7 irratiak Josep Lluis Carod Rovira izango du gonbidatu berezi, Gara eta Noticias taldeko zuzendaiekin eta Berriako zuzendariordearekin.

 

Saguganbara

Berbaro elkarteak ume eta gazteei zuzendutako ekitaldiak antolatuko dituzte. Umeen artean irakurzaletasuna bultzatzea da txoko honen helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!