Bizkaia Saria jaso du Bidezabal atletismo klubak

Anboto 2012ko aza. 29a, 12:03
Bidezabalek lortutako emaitzak eta kudeaketa kalitatea azpimarratu ditu Aldundiak; Baque Fundazioa ere saritu du erakundeen atalean

Bidezabalek lortutako emaitzak eta kudeaketa kalitatea azpimarratu ditu Aldundiak; Baque Fundazioa ere saritu du erakundeen atalean.

 

Bidezabalek denboraldian zehar lortu dituen emaitza onak ez dira oharkabean igaro. Bidezabal Atletismo Klubari eman zioten Bizkaiko Foru Aldundiak eguaztenean banatu zituen Bizkaia Sarietako bat, klub edo elkarte bat bereiztekoa.

 

Aldundiak Bilboko Gran Vian duen egoitzan egindako ekitaldian, Bidezabalgo presidente Aitor Casalek jaso zuen saria, klub osoaren izenean. Mikrofonoaren aurrean eskerrak eman zizkion Aldundiari eta saria 30 urteko ibilbidearen fruitua dela adierazi zuen: “Horregatik, urte hauetan denetan klubean modu batera edo bestera lanean jardun duten denei eskaintzen diegu saria, euren inplikazio barik, gu ez ginatekeelako hemen egongo”. Ondoren, krisi sasoi honetan “aurrera egiteko eta borrokan jarraitzeko” eskatu zien Bizkaiko klubei: “Batzuetan, arlo ekonomikotik datozen buruko minak, arlo pertsonaleko lorpenekin konpentsatzen dira”. Azkenik, Bidezabal babestu duten erakundeei eta udalei (Durango, Abadiño eta Iurreta) bere esker beroa adierazi zien.

 

Epaimahaiak hiru puntutan arrazoitu zuen Bidezabali emandako aintzatespena: “Saria eman zaio egiten dituen jardueren maila altuagatik, kudeaketak duen kalitateagatik eta kirol emaitzengatik”.

 

Baque Fundazioari saria

Erakundeen arloko saria Baque Fundazioari eman zioten: “Saria eman gura diogu kirol babesletzan egindako ibilbide luzeagatik, eta bereziki azpimarratu nahi dugu eskola kirolari emandako laguntza”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!