Jon Gorroñoren margo erakusketa zabaltzeko jaia egingo dute Ibaizabalen, etzi

Anboto 2012ko abe. 3a, 09:01
Durangoko Ibaizabal ikastolan ipiniko ditu Jon Gorroño artista durangarrak, aurten egindako koadroak ikusgai

Durangoko Ibaizabal ikastolan ipiniko ditu Jon Gorroño artista durangarrak, aurten egindako koadroak ikusgai.

 

Jon Gorroño (1980) artista durangarraren erakusketa inauguratuko dute, abenduaren 5ean, 20:00etan, Durangoko Ibaizabal ikastolaren tabernan.

 

Artean jaia izenburuko erakusketa zabaltzeko, beste arte adierazpidetan diharduten lagunak izango ditu Jon Gorroñok inguruan: Karrika antzerki taldeko kideek antzezlan labur bat prestatuko dute ekitaldi horretarako, Peru Magdalena idazle eta margolari lagunak aurkeztuko du ekitaldia, eta lagun musikariren batek ere joko du, erakusketaren aurkezpenean. Luntxa ere ipiniko dute, eguaztenean Ibaizabalera bertaratzen direnentzat.

 

Aurten egin dituen margolanen artean, aukeraketa bat eroango du Jon Gorroñok, Ibaizabal ikastolako erakusketa horretara. “Salgai ipini barik, mugitu barik, hainbeste lan pilatzeak pena ematen du, eta horregatik pentsatu dut erakusketa antolatzea”, dio Gorroñok.

 

Aurten inoiz baino koadro gehiago margotu dituela kontatu digu Jon Gorroñok. “Orain arte ere marraztu izan dut, baina ez naiz askoz harago joan. Urte honetan zehar, aldiz, behin eta berriz topatu dut neure burua. Marraztu eta zerbait topatu duzula sentitzea itzelezko poza da”.

 

Arkatzagaz, pastelagaz zein akrilikoagaz, formatu ertain eta txikian egindako koadroak, bai eta  zuri-beltzekoak ere, ipiniko ditu Gorroñok erakuskueta horretan.

 

Berbekin adieraztea zail egiten zaion sentipen, bizipen eta sentsazioak adierazteko baliatzen du Jon Gorroñok margogintza: “Hitzekin trabatu egiten naiz sarri, galdu egiten naiz batzuetan ideien munduan, eta artea hainbat gauza adierazteko modua da. Denok eskura daukaguna, gainera”. 

 

Hainbat horma-irudi ipiniko ditu erakusketan, eta espaziora moldaturiko beste hainbat koadro.

 

Bere lanak erakusteko zabaldu zuen webgunea, www.jongorrono.com, eguneratzeko eta beste hainbat ekimen abiatzeko asmoa dauka datozen asteetan, Jon Gorroñok.

 

Art Leku marrazketa tailerrean irudimenagaz jolas egiteko gonbita luzatu zuen Jon Gorroñok iaz, eta honen aurretik, Arteka liburudendan ere ipini zituen bere lanak ikusgai. 

 


"Aldaketa pertsonalek eragin handia daukate emaitzan”

 


Marrazketaren funtzio terapautikoaz egin du Durangoko artista gazteak berba, eta denok eskura dugula gogorarazi du

 

“Azken urtean aldaketa sakon pare bat bizi izan ditut maila pertsonalean, eta uste dut aldaketa horiek eragin handia daukatela emaitzan”, dio Jon Gorroñok. Terapeuta batengana joaten eta yoga egiten hasi da aurten. Eta oso pozik dago. “Oso inportantea izan da aldaketa hori niretzat, eta zuzenean izan ez arren, eragina dauka obran”, dio marrazkigileak.

 

Artearen, kasu honetan marrazketaren, funtzio terapeutikoaz egin du Durangoko artista gazteak berba, eta aipu bat hartu du ahotan: “Pica-ssok esaten zuen, arteak arimaren egunerokotasunari hautsa kentzen diola, eta ideia horregaz bat nator. Uste dut oso despistatuta gabiltzala, hara eta hona arineketan”. Tresna hau edukiko ez balu “bizitzan funtsezkoak diren gauza asko” oharkabean pasatuko litzaizkiokeela uste du Gorroñok. Tresna hori denok eskura daukagula azpimarratu gura izan du.
 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!