Lagunartean aurkeztuko dute, Toubkal taldearen 'Nights of fun'

Anboto 2012ko aza. 30a, 08:32
Traña-Matienako Doherties tabernan aurkeztuko du Iban Gorritik, lagunek inguratuta kaleratu duen bigarren diskoa

Traña-Matienako Doherties tabernan aurkeztu du Iban Gorritik, lagunek inguratuta kaleratu duen bigarren diskoa.

 

Traña-Matienako Doherties tabernan aurkeztuko dute Toubkal proiektuaren bigarren diskoa, Nights of fun. Ekitaldia gaur izango da, 20:30ean. Diskoko kanten zuzenekorik ez dute egingo emanaldi horretan, baina Ramones go to universe kantaren bideoklipa aurkeztuko dute, besteak beste. Iban Gorritik (Durango, 1970) zuzendu du bideoklip hori, Iker Vianak grabatu egin du eta Iñigo Achak editatu egin du. Londresko metro geltoki bat irudikatu zuten bideoklip horretarako,  Eroski supermerkatura doan tunelean gauez grabatuta, eta Durangaldeko hainbat lagun agertzen dira bertan.

 

Bestalde, Iñigo Acharen film labur bat emango dute aurkezpenean, Toubkal taldearen soinu banda daukana. Javi Fernandezek bakarrizketa bat eskainiko du, eta Andoni Ruiz Txululuk ere eskainiko du antzezlan labur bat. Hitzordu hori aprobetxatuko du Toubkal taldearen bultzatzaileak, Iban Gorritik, “Toubkal familiako” lagun guztiei eskerrak emateko.

 

Zortzi kanta, 1989 eta 2012 urteen bitartean egindakoak, eta bonnus track bezala kantu antifrankista bat ere jasotzen du Nights of fun diskoak: “Gaur egun oraindik ere frankismoa pairatzen dugun guztiontzako da kanta hori”, dio Gorritik. Durangoko kartzelan preso egon zen Rosario La Dinamitera borrokari antifaxistaren eta antifaxista guztien omenez egindako kanta da.

 

Iban Gorriti bera kide zuen Martxoak 31 taldearen ingurukoak dira diskoko kanta batzuk, eta Surfin Laga izenekoa da berriena, aurten egindakoa. Bestalde, The Unfinished Simpathy Gorritiren talde kuttunaren bertsio bat ere badakar diskoak: Zain taldeak jotzen du kanta horretan.

 

Lander Petralanda baterian, Izaskun Camiñas koroak egiten eta Iban Gorriti dira lehenengo diskotik mantentzen diren kideak. Nighst of fun disko berriaren grabazioan, baina, Zain taldeak, Tres41 taldeko Mario Cosmek, Sugoi taldeko Mikel Quesada gitarristak eta Julio Veigaren teklistak ere jardun dute.

 

“Nahi duena sar daitekeen familia da Toubkal”, azaldu du Iban Gorriti proiektuaren sortzaileak. Horrela batu zaio horrenbeste lagun: “Ez dakit krisiagatik edo zergatik, baina gure odola hozten dabiltzala ikusten dugu, eta odol beroko jendea behar dugu”.

 

Libretoan, kanten letrak barik Gorritik idatziriko kantei buruzko testuak daude jasota: “Nire bizitzako gauza asko daude hemen”. Badaude testu poetikoak, eta bizipen pertsonalak zein bidaiak kontatzen dituztenak. “Batzuek ukitu filosofikoa dute, eta ez nekien halakorik neukanik ere!”, dio.

 

Semea eta diskoak
Aiur semearen garapenagaz konparatzen du Gorritik diskoarena: “Days of van lehenengo diskoa ume ixil eta lasai bat bezalakoa zen; umeak urte bi dauzka orain, eta esnatzen denetik dena da alaitasuna: Nights of fun hau bezala”.

 

Umeek lez, diskoak ere alaitasuna kutsatzea gura lukeela aitortu du egileak.  Hala, azal koloretsu eta alaia egin diote diskoari: Javier Arregi ‘Txori’ diseinatzaileak egindakoa da, eta komiki itxura dauka.

 

Durangoko Arteka liburudendan eta Iditu Records-en dago diskoa salgai, baina aurrerantzean Durangoko beste taberna batzuetan eta Bilboko Fnac dendan ere ipiniko dute Nights of fun jendearen eskura.

 

Durangoko Azokan Gerediaga elkartearen erakusmahaian lekutxo bat egin diezaioten saiatuko dela ere esan du kazetari eta musikariak: “Nire semea da Gerediaga elkarteko kiderik gazteena: egunak zituela egin nuen Aiur Gerediagako kide”.  

 


Musikari eta lagunen, lagun musikarien, kolaborazioagaz


 

Durangaldeko hainbat musikarik parte hartu du grabazioan

 

Disko guztia gauez egindakoa da: “Ahotsak eta koroak 17:00etatik 05:00etara grabatu genituen egun batean”, kontatu du Gorritik. Hilabetean zehar gauari orduak lapurtuta sortu da diskoa, Durangoko Iditu Records estudioetan.\"\"

Hainbat musika taldetako lagunek kolaboratu dute: MPB, Martxoak 31, Zain, Zebel, Alerta, Poliputos, Sugoi, Seiren, Yoko Out eta Zea Mays, besteak beste.

 

Grabazioa egiten oso ondo pasatu dutela azpimarratu du Iban Gorritik: “Pozgarria izan da grabazio prozesu guztia; jende guztia etorri da gogo itzelagaz”.

 

“Bizi dugun errealitatean, zerbait positiboa, optimista eta energiaduna behar genuela ikusi dut”, azaldu du proiektuaren sortzaileak. Diskorako pentsatutako kantuak ere horrelakoak dira, bizipoza transmititzen dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!