Lekue lehenengo Durangoko saioan, Elortzari bi puntu aterata

Anboto 2012ko aza. 26a, 11:43
Landako Gunean 800 pertsona batu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan. Datorren astean, azken finalaurrekoa jokatuko dute Gernika-Lumon; Durangaldeko Miren Amurizak eta Beñat Ugartetxeak lortu dezakete finalerako txartela

Landako Gunean 800 pertsona batu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan. Datorren astean, azken finalaurrekoa jokatuko dute Gernika-Lumon; Durangaldeko Miren Amurizak eta Beñat Ugartetxeak lortu dezakete finalerako txartela.

 

Barre handi eta txalo zaparrada izugarri barik, baina tarteka ale politak botata joan da domenak Durangon jokatutako finalaurrekoa. Etxahun Lekuek finalera joateko txartela lortu du 563,5 puntugaz. Bi puntu gutxiago lortu ditu etxean kantatuta Igor Elortzak. Fredi Paia hirugarren gelditu da puntu erdiagaz. Hiru bertsolari horiek ziurrenik Bilboko finalean izango dira abenduaren 15ean. Azken finalaurreko puntuazioak jakiterakoan definituko da finaleko zortzikotea.

 

Gaurkotasuneko hainbat gai jorratu dituzte bertsolariek Durangoko saioan; desjabetzak, osasun zerbitzuen saturazioa, etorkinek krisiaren aurrean etxerako bidea hartzeko... eta baita atzoko egunez, Emakumeen kontrako indarkeria. Puntu erantzunetan proposatu zieten gaia bertsolariei. Elortzak dotore erantzun zuen Danontzako mesede / da berdintasuna puntuari, amaieran publikoko gizonengana zuzenduta: galdu baino gehiau da / lortuko dozuna.

 

Ofizioka Jone Uriak eta Fredi Paiak erantzun orijinalak eman dituzte oro har. Biek elkarrekin egindako ariketan, adibidez, A8ko peajea ordaintzeko esaten zion Fredi aitak. Gaian ez bazetorren ere, Paiak autopistako langilea dela kantatu du, eta aitaren paperean ipinita, ordaintzeko tematu da, "bizioetan ezin gastatu guztia" esanez amaituta.

 

Kartzelako gaian dei bat jaso zuten bertsolariek, eta telefonoa eskegita irribarrea ezin kendu zebiltzan. Gai positiboa kartzelarako; sarri egoten diren gai sakon eta tristeak kontutan edukita, eskertu egiten dira horrelakoak. Etxahun Lekuerena izan zen kartzelako lanik hunkigarriena;i bikoteak deitu zion, haurdun zegoela kontatzeko. "Bizitza igual aldatuko iat / baina ziur hoberako" eta neska-laguna ikusteko irrikitan zegoela estu-estu besarkatatzeko. Arrate Ilaro eta Jone Uriak lanpostu eta bekak izan zituzten berbagai. Gorka Ostolazak Artur Masen emaztea zela kantatu zuen, hauteskundeen emaitzak jakin berri eta pozik. Fredi Paiak eta Igor Elortzak eragin zituzten barre gehien: Fredik Sevillako lehengusuaren deia jaso zuen, bertsotarako animoak ematen, guztiak mareatu eta amaieran ezpatagaz zartada sartzeko: "bertsolariak euskal toreroak gara". Elortzari Urkulluk deitu zion, kultura sailburutza eskaintzeko. Eta pozik. Bere kultur planean herri mugimenduari lana erraztuko diola zioen. Horretan jardutea izango litzateke "botaten naben arte, egingo dodana". 

 

Hona hemen Durangoko saioko puntuazioak:

Etxahun Lekue 563.5
Igor Elortza 561.5
Fredi Paia 561
Jone Uria 528
Arrate Illaro 489.5
Gorka Ostolaza 483

 

Sailkapen nagusia

Datorren asteko kanporaketagaz erabakiko da ze zortzi bertsolarik kantatuko duten Bizkaiko txapelketako finalean. Datorren domekan, Gernika-Lumon kantatuko dute Miren Amurizak, Beñat Ugartetxeak, Ibon Ajuriak, Iratxe Ibarrak, Pello Ormazabalek eta Joseba Artzak.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!