Bigarren finalaurrekoa jokatuko dute, domekan, Durangon

Anboto 2012ko aza. 23a, 13:08
Azaroaren 25ean, Durangoko Landakogunean jokatuko dute, 17:30ean hasita, Bizkaiko bertsolari txapelketaren bigarren finalaurrekoa

Azaroaren 25ean, Durangoko Landakogunean jokatuko dute, 17:30ean hasita, Bizkaiko bertsolari txapelketaren bigarren finalaurrekoa.

 

Arrate Illaro getxoztarrak, Etxahun Lekue larrabetzuarrak, Fredi Paia eta Jone Uria algortarrak, Gorka Ostolaza markiñarrak eta Igor Elortza durangarrak kantatuko dute saio horretan.

 

Domekako saioa irabazten duen bertsolariak ziurtatuta edukiko du finalerako pasea, eta gainontzekoek puntuazioaren arabera lortu dezakete txapelketan aurrera egitea. Abenduaren 15ean izango da finala, Bilbon.

 

Horren aurretik, abenduaren 2an, Gernikako frontoian jokatuko dute txapelketaren azken finalaurrekoa. Miren Amuriza berriztarrak eta Beñat Ugartetxea mallabiarrak kantatuko dute saio horretan.

 

 


Basauritik Bilbora, uste baino distantzia handiagoa dago


Eneko Abasolok eta Gorka Lazkanok ia ezinezkoa daukate finalera pasatzea

 

Joan zen domekan txapelketako lehenengo finalerdia jokatu zen Basaurin. Batek baino gehiagok, A8 autobidean zihoala, zuzenean Bilboraino joateko tentazioa izango zuen. Baina, helburua han bertan, alboan ikusi arren, azkeneko proba gainditu behar zen. Eta, Basauritik Bilbora uste baino distantzia handiagoa dagoela argi ikusi zen. Arkaitz Estiballesek irabazi zuen saioa, eta ondorioz, finalerako txartela ere bai. Gainerakoei puntuetan alde handia atera zien, eta Eneko Abasolo Abarkas-ek eta Gorka Lazkanok ia ezinezko daukate finalera sailkatzea.

 

Distiratu ezinik, baina akatsik egin barik eta bertsoak ondo josten ibili zen Abarkas.  Laugarren sailkatuta, akaso ez zuen puntuetan hainbesteko aldea egoterik merezi –bigarrenetik 33,5 puntura–. Lazkanok, bosgarren, desabantailatik egin zion aurre saioari: ahotsa urratuta eduki zuen ia hasieratik. Eztarriko ezinak ideietan eragin zion, seguruenik. Saioak amaiera aldera egin zuen gora, Estiballesek txapelerako hautagai dela gogorarazi zigun une beretik.

 

Domeka honetan Igor Elortzak abestuko du Durangoko Landako Gunean, eta hurrengoan Miren Amurizak eta Beñat Ugartetxeak Gernika-Lumon. Batek daki; baliteke, hemendik, Basauritik baino distantzia txikiagoa egotea Bilbora.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!