"Ez dago bizikleta baino garraiobide praktikoagorik"

Anboto 2012ko aza. 25a, 09:26
Carmelo Fondado pozarren ibiltzen da Durangon gora eta behera bizikleta elektrikoagaz. 91 urtegaz erosketak egin zein paseoan irteteko autonomia osoa eskaintzen ei dio. Bizikleta elektrikoak erosteko aste aproposa da hurrengoa

Carmelo Fondado pozarren ibiltzen da Durangon gora eta behera bizikleta elektrikoagaz. 91 urtegaz erosketak egin zein paseoan irteteko autonomia osoa eskaintzen ei dio.  Bizikleta elektrikoak erosteko aste aproposa da hurrengoa. Azaroa amaitu arte, Energiaren Euskal Erakundeak 400 eurora arteko diru-laguntzak ematen ditu mota horretako bizikletak erosteko. Durangoko Barrenkaleko 21.ean  dagoen Bizibike dendan diru-laguntza eskaerak egiten laguntzen dute. Bestela www.eve.es webgunean dago informazio osoa.

 

Noiz erosi zenuen bizikleta elektrikoa?

Gaur egun dudan hau orain urte erdi erosi nuen Bizibike dendan. Aurretik nuenak koadroa altu samarra zeukan eta geldian kosta egiten zitzaidan hankak lurrean finkatzea. Horregatik, bilobari erregalatu nion. Unibertsitatean lan egiten du, eta bere lantokitik gertu bizi denez, erregalatu nion bizikletagaz joaten da sarritan.

 

\"\"Noiz probatu zenuen lehenengoz?

Orain lau urte. Hanketan ez nuen sasoi bateko energiarik sentitzen eta aparteko energia ondo etorriko litzaidakela pentsatu nuen (barreak).

 

Zertarako erabiltzen duzu normalean?

Alde Zaharrean erosketak egiteko, anbulatoriora joateko, Ezkurdi ingurutik paseatzeko… Abadiñora ere joaten naiz. Autoa euria egiten duenean bakarrik hartzen dut. Hotz egiten duela? Arropa gehiago janzten dut bizikletara igo aurretik. Bero egiten duela? Kapela jantzi eta kitto. Ez dago bizikleta baino garraiobide praktikoagorik.

 

Zer abantaila ikusten dizkiozu bizikletaz ibiltzeari?

Zerrenda luzea da. Esaterako, herri barruan denbora aurrezten da. Madalena ingurutik Tabirara etortzeko autoz baino minutu gutxiago behar ditut bizikletaz. Auto-ilara denak saihesten dira. Aparkatzerako orduan bizikletak duen abantaila ere begistakoa da. TAOan aurrezten duzu, bide batez.

 

Beraz, erosketa gomendagarria da.

Bai. Badakizu zer gertatzen den edadeko pertsonekin? Ezgai direla uste dutela. Konbentzituta daude ez dutela ahalmenik bizikleta bat gidatzeko. Ez da horrela, inondik inora! 91 urte ditut eta bizikletan ibiltzeko guztiz gai sentitzen naiz. Edadeko denei gomendatuko nieke bizikleta elektrikoa erosteko. Espirituz gazteak dira oraindik, zer arraio! Egin behar dena da, beti arretaz gidatu eta kontuz ibili.

 

Bizikleta elektrikoak autonomia handia du?

Niretzako bai. 35 kilometrotik gora egin daitezke bateria beteta badu. Nik egunean hiruzpalau kilometro egingo ditut. Beraz, astean behin gauez kargatzen utzita nahikoa da. Alde horretatik oso erraza da.

 

Betidanik gustatu izan zaizkizu bizikletak?

Betidanik. 30eko hamarkadan, Barrenkaleko Gaztelumendi farmaziako jabeak bazuen bizikleta zahar bat. Aitak bost pezetan erosi zuen. Semeok ugerra kendu genion eta aitak pintatu egin zuen. Auzoko denek esaten ziguten: “Utziko diguzue apur batean?” Bizikleta zaharra zen, baina berria ematen zuen eta auzoko aberatsak ematen genuen. Hamar bat urte izango nituen. Haxe izan zen nire lehen bizikleta. Handik bost-sei urtera BH bat erosi zigun aitak, 125 pezetan. Harrezkero, Gasteizera ere bizikletan joaten nintzen.

 

Inoiz ostu dizute bizikletarik?

Ez, baina gomendio bat: giltzarrapo ona erosi, rotaflexagaz ere ebaki ezin daitekeena. Merezi du, erosketa ona da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!