Antzoki barrurako Ganso & Cia-ren lehenengo obra

Anboto 2012ko aza. 26a, 08:09
Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean aurkeztuko dute Ganso & Cia taldearen \'Babia\' ume zein helduentzako antzezlana

Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean aurkeztuko dute Ganso & Cia taldearen Babia ume zein helduentzako antzezlana

 

Emanaldi bikoitza eskainiko du Ganso & Cia konpainiak azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, Durangoko San Agustin kulturgunean. Babia antzezlanaren aurrestreinaldia egingo dute. Hain zuzen, Durangoko antzoki horretako oholtzan prestatu ditu azken urteetan Ganso & Cia taldeak bere lanak.

 

Clown teknika baliatu du Babia honetan ere Ganso & Cia taldeak, Renato eta Mediopelo lanetan ez bezala. Oraingoan, baina, Gorka Gansogaz batera Txefo Rodriguez aktoreak ere jardungo du antzezle lanetan.

 

Lehenengo aldiz, taldetik kanpoko zuzendari batekin prestatu dute antzezlana. Apirilean hasi ziren lanean, besteak beste André eta Dorine obra zuzendu duen eta hainbat sari jaso dituen Iñaki Rikarte gasteiztarrarekin.

 

Duela bost urte Ganso & Cia taldea sortu zutenetik, sekula ez dute antzokirako ikuskizun bat sortu taldekideek.

 

Zentzu horretan, antzokian “publikoa hain urrun edukitzea arraro egiten zaigu: kalean lan egitera ohituta gaude, antzezten gaudela bat-batean txakur batek eszena gurutzatzera...” esan du Gorka Ganso antzezleak. Horregatik, ez daude ohituta antzokian bezala dena “hain kontrolpean” edukitzera. “Dena dela, lan honetan ere gertatzen dira,hainbat ezusteko” dio Rikartek.

 

Bereziki sei urtetik gorako ikusleentzako dago antzezlana pentsatuta, eta berbarik barik, keinuen bitartez bakarrik, adiskidetasunari eta imajinazioari buruzko istorio bat kontatzen du. “Ikuskizuna publiko guztiarentzat, bereziki pertsonentzat”, dela dio Gorka Gansok. Umeek eta gurasoek izango dute gustuko. “Umeei asko gustatuko zaiela uste dut”, esan du Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko kudeatzaileak.

 

Umorea eta humanitatea oinarri dituen komedia poetikoa da, egileen berbetan, Babia. Egunerokotasunaren heroiak dira Ganso & Ciaren clownaren protasgonistak, tentel eta gardenak: ikuslearengan barrea eta samurtasuna sortzen dutenak.

 

“Antzerkian ibilbide oso desberdinak izan ditugu hiru sortzaileok, eta hiruron ukitua dauka ikuskizunak”, azaldu du Rikartek: “Horregatik da berritzailea”. 

 

 


Ganso: “Hainbeste ezagutzen dute elkar, ezezagun bilakatu direla”

 

Inguratzen dituenetik eta euren buruengandik ere “deskonektatuta” bizi diren lagun biri buruz

 

Bakoitza bere munduan, ilargian, bizi diren lagun bi dira Babia lanaren protagonistak. Elkarren ondoan urte mordoa eman arren,  ez dutela elkar ezagutzen dirudi: “Hainbeste ezagutzen dute elkar, ezezagun bilakatu direla”, esan du Gorka Gansok. 
Kartoizko kaxaz betetako tailer batean bizi eta lan egiten dute. Egun batean, telefonoak jotzeari uzten dio, eta elkarri begiratzera behartzen ditu.
Leongo (Espainia) herri baten izena da Babia: egileek kontatu dutenez, Leongo erregea bertara erretiratzen ei zen deskantsatzera. Hortik obraren izenburua: “Inguratzen dituenetik eta euren buruengandik deskonektatuta bizi dira pertsonaiak”.
“Naufrago bi dira protagonistak”, Gorka Ganso aktorearen berbetan: “Mundu guztiak ahaztu ditu”. Iñaki Rikartek esan duenez, “fabula bat da Babia, eta negatiboa dirudien zerbaitetik gauza positiboak sor daitezkeela erakutsi gura dugu”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!