Txomintxo eta Perutxoren abentura berriak Hitz liburudendan entzungai

Anboto 2012ko aza. 23a, 08:38
Gaur, Durangoko Hitz liburudendan aurkeztuko dute Txomin eta Peru Magdalenak \'Txomintxo eta Perutxoren abenturak\'

Gaur, Durangoko Hitz liburudendan aurkeztuko dute Txomin eta Peru Magdalenak \'Txomintxo eta Perutxoren abenturak\'.

 

Gaur, 19:30ean, Durangoko Hitz liburudendan aurkeztuko dute Txomin eta Peru Magdalena anaia duragarrek Txomintxo eta Perutxoren abenturak liburua. Aurreratu dutenez, aurkezpenera ume asko hurreratzen bada, liburu berriko ipuinen bat kontatuko diete egileek eurek: entzuleen arabera egokituko dute ekitaldia.

 

Zortzi urtetik aurrerako umeei zuzendurikoa da aurkeztuko duten liburua, eta iaz Peru Magdalenak kaleratutako ipuineko Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean pertsonaiekin jarraituta egin dute. 

 

Bospasei urte zeuzkaten Txomin eta Peru protagonistek lehenengoko liburu hartan. Ipuin bakarra kontatzen zuen Peru Magdalenak idatziriko Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean liburuak. Bost ipuin batzen dituen liburua da, aldiz, Txomin eta Peru Magdalenak asteon aurkeztu duten hau. Durangoko anaien testuak eta Iosu Mitxelenaren ilustrazioak batu dituzte.  

 

Magdalena anaiek idatziriko ipuinak batzen ditu Txomintxo eta Perutxoren abenturak liburuak. Egileen izeneko bi protagonisten ibilerak kontatzen ditu bigarren liburu honek ere. Protagonistak amaren sabelean daude liburuko lehenengo ipuinean.

 

Txomintxok eta Perutxok eskolako jantokian bizi dituzten abenturak eta beste hainbat ibilera kontatzen dituzte azken liburu honetan. “Lehenengo liburua misteriosoagoa zen, beldurrei aurre egiteari buruzkoa”, dio Peruk. “Hau dibertidoagoa eta ganberroagoa da, beharbada”, osatu du Txominek. Azken ipuin biak “fantasiosoagoak dira”, egileen berbetan.

 

Durangoko azokan, Elkarren standean egongo dira egileak, lan berria erakusten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!