Ruper Ordorika gonbidatu dute Kantuaren Kantoia zikloa ixtera

Anboto 2012ko aza. 26a, 08:08
Azaroaren 29an, 20:00etan da Kantuaren Kantoia zikloaren azken emanaldia

Azaroaren 29an, 20:00etan da Kantuaren Kantoia zikloaren azken emanaldia.

 

Ruper Ordorika musikariak joko du Durangoko Platerueneko Kantuaren Kantoiaren laugarren eta azken emanaldian. Azaroko aurreko hiru saioak bezala, Jonan Hernandez kazetariak gidatuko du azaroaren 29ko saio hori.

 

Estudioan sartuta eman ditu azken asteak Oñatiko musikariak, baina momentuz grabazio horiek disko bilakatuko diren ez du konfirmatu: “Taldearekin entseguetan-eta agertzen diren ideiak biltzen ari gara”, azaldu zuen duela gutxi, Berria egunkariari eskainiriko elkarrizketan. Estudioan gauza interesgarriak sortuz gero, hurrengo diskoan entzungai izango direla dio. Ruper Ordorikak lau urte daramatza Arkaitz Miner, Lutxo Neira eta Hasier Oleaga musikariekin taldean jotzen, baina bakarrik jardungo du Platerueneko egueneko kontzertuan.

 

Oso gustura ibili dira Kantuaren Kantoia zikloaren laugarren edizioan publikoa eta musikariak: etxeko giroa, gustura egotekoa sortu da, aurten ere. Formatu berria delako, urduri samar abiatzen dute sarritan musikariek saioa, baina laster egokitzen dira kantuak eta kontuak tartekatuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!