Kultura ijitoa gonbidatu dute aurten Durangoko azokara, ikustarazteko

Anboto 2012ko aza. 15a, 16:09

Bost egun barik, lau iraungo du Durangoko 47. Liburu eta Disko azokak, baina atzoko Elkartegiko aurkezpean nabarmendu zutenez, \"inoizko egitaraurik zabalena izango du\": 300dik gora ekitaldi izango dira azokaren barruko guneetan

Bost egun barik, lau iraungo du Durangoko 47. Liburu eta Disko azokak, baina atzoko Elkartegiko aurkezpean nabarmendu zutenez, “inoizko egitaraurik zabalena izango du”: 300dik gora ekitaldi izango dira azokaren barruko guneetan.

 

Gerediaga elkartearen Nerea Mujika eta Aiert Goenaga ordezkariek dute aurtengo azokaren ardatz nagusien berri. Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzaren kultura sailburua eta Miren Dobaran Bizkaiko Aldundiko euskararen sustapenerako arduraduna, eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea ere egon dira prentsaurrekoan.

 

Ijitoen kultura izango da aurten Durangoko 47. Liburu eta Disko azokan kultura gonbidatua, eta kultura horren ordezkaritzan, Kale Dor Kayiko elkartearen Manuel Vizarraga presidenteak ere hartu du prentsaurrekoan berba. “Gure ametsetako bat bete dugulako hunkituta gaude, Euskal Herriaren bihotzean egon ahalko garelako”, esan du Vizarragak.

 

Kale Dor Kayiko elkartearen laguntzagaz antolatu dute “askorentzat ikusezin bezain urrunekoa” den kultura hori ezagutarazteko, Durangoko Azokako egitaraua. Euskal Herritar guztiak gonbidatu ditu “zelakoan garen ikustera, elkar ezagutu eta errespetatzera”. Euskal Herrira heldutako ijitoen hizkuntzari, euskara eta erromanieraren elkartzetik sorturiko “erromintxelari”, buruzko hainbat berbaldi eta mahai inguru izango dira aukeran. 

 

Ijitoen kultura ezagutzeko, haurrentzako tailerrak, ipuin kontaketa saioak eta jokoak ere antolatu dituzte. Azokako gune guztietan edukiko du ijitoen kulturak islada. Aiert Goenaga azokaren zuzendariak azaldu duenez, gainera, besteak beste, flamenkoa, txalaparta eta bertsoak uztartuko dituen ikuskizuna prestatzen dabiltza. Abenduaren 7an eskainiko dute, Plateruenean.

 

Elkarlana ardatz
Elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuten aurkezpenean: “Aurreko urteetan bezala, elkarlana ardatza izan da egitaraua antolatzeko, eta guneak kudeatzeko”, esan zuen Nerea Mujikak.

 

Durangoko Azokaren izaera irekia eta parte-hartzailea erakusten duten ekimenak “finkatu eta indartzea” dute antolatzaileek aurten helburu, eta horren adibide da disziplina berriei leku egiteko iaz sorturiko Irudienea, Szenatokia, eota K@bia guneak egonkortuko direla, aurten.

 

Aurreratu dutenez, 88 emanaldi izango dira aurten Ahotsenea gunean, eta egitarau oparoa antolatu dute Berbaro elkarteak kudeatzen duen Saguganbara haurrentzako txokoan ere.

 

Plateruena kafe antzokiko emanaldiak Durangoko Azokaren egitarau ofizialaren parte izango dira, aurten. Aurkezpenean esan dutenez, “erreferente bilakatu dira Platerueneko kontzertuak”. Azaldu dutenez, Landakogunean Durangoko azoka zabaldu baino astebete lehenago ekingo diote Platerueneko programazioari.

 

Datorren astean emango dute egitarauaren berri zehatza. 

 

 

 


Benito Lertxundiren ekarpena 
eskertu gura du Gerediagak Argizaiolagaz

 

\"\"Jon Maiak zuzendutako ekitaldi “berezian” jasoko du Benito Lertxundik Argizaiola saria

 

Benito Lertxundi musikari oriotarrak jasoko du, Durangoko 47. Liburu eta Disko azokan, Argizaiola omen saria. Gerediagakoek Durangoko Azokarekin hasieratik izan duen lotura estua eskertu gura diote, batetik. 60ko hamarkadatik euskal musika sorkuntzan eta kulturgintzan erreferente izan delako emango diote Argizaiola.

 

Ez Dok Amairu taldeko Mikel Laboa, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, edo aurten azokako kartela egin duen Nestor Basterretxearekin hasi zuen bidea Lertxundik, eta hamasei disko kaleratu ditu ordutik hona: 1971ean lehenengoa edo aurten kaleratu duen Oroimenaren oraina, kasurako.

 

Ekitaldi berezia antolatu dute Benito Lertxundiri Argizaiola emoteko. Abenduaren 6an emongo diote Lertxundiri Argizaiola, eta  Gauean argi ekitaldi berezia antolatuko dute, gainera. Jon Maiak zuzenduko du musikaria omentzeko ekitaldia, Durangoko San Agustin kulturgunean.

 

Plateruena kafe antzokiko emanaldiak ere Durangoko Azokaren egitarau ofizialaren parte izango dira, aurten. Aurkezpenean esan dutenez, “erreferente bilakatu dira Platerueneko kontzertuak”. Azaldu dutenez, Landakogunean Durangoko azoka zabaldu baino astebete lehenago ekingo diote Platerueneko programazioari.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!