Mendiak eta atletismoak klub berria dute eskualdean

Anboto 2012ko aza. 17a, 08:56

Durango Kirol Klubak mendi lasterketetako zaleen bilgune izan gura du; atletismoari ere atea ireki diote, eskaria badagoela ikusita

Durango Kirol Klubak mendi lasterketetako zaleen bilgune izan gura du; atletismoari ere atea ireki diote, eskaria badagoela ikusita.

\"\"

 

Mendi lasterketetarako zaletasuna egon bai, baina Durangaldean modalitate horretara beren beregi bideratutako klubik ez zegoenez, Durango Kirol Kluba sortu zuten orain hilabete batzuk hainbat lagunek. Durangaldeko mendi lasterketa zaleen bilgune izan gura du klub berriak, elastiko bera defendatuz lehiatuko duten korrikalarien aterpe amankomuna. Azken asteetan, atletismoari ere atea irekitzea erabaki dute, talde bila zebiltzan atletei aukera bat eskaini guran.

 

David Garcia eta Oier Ariznabarreta korrikalari durangarrak, esaterako, Durango Kirol Klubeko kideak dira. Mendi lasterketen denboraldia urtarrilean hasiko da, eta oraindik egutegia osatzen dabiltza; baita denboraldiari aurre egiteko babesle bila ere.

 

Lehenengo denboraldian Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan lehiatzea dute helburu, mendi lasterketetan zein krosean. Mendi lasterketetan taldekako Espainiako txapelketan aritzea ere gustatuko litzaieke.

 

Atleta asko Bidezabaletik

Atletismoari dagokionez, 24 fitxa dituzte gaur egun, eta bizpahiru kenduta, beste guztiak Bidezabal klubetik batu dira; krosean edo abiadura lasterketetan dabiltza gehienak. Egoera ekonomikoak eraginda, Bidezabalek gizonei soldatarik ez ordaintzea erabaki du oraintsu. Hala, baten batek pentsa dezake klub berria norabide horregaz ados ez daudenek sortu dutela. “Ez du horregaz zerikusirik”, argitu du David Garciak: “Kluba sortzea aspaldi pentsatuta geneukan. Nik neuk, Bidezabaleko zuzendaritzan daudenekin berba egiten dut, eta ez dugu arazorik. Klub berrian ere nork bere fitxa eta jantziak ordaindu beharko ditu. Eskualdeko atleta batzuk talde bila zebiltzala jakin genuen eta horiek kanpora joan beharra pena zela iruditu zitzaigun, berton klub berri bat sortzen ibilita”.

 

Dena dela, Garcia bera ere Bidezabalen ibilitakoa da, eta onartu duenez “goi mailako taldeetan atleta asko kanpokoak dira eta zure ondoan lehiatzen dute, baina ez dituzu ezagutzen; guk nahi duguna da, lasterketa batean ondokoak zure elastiko berdina jantzita badarama,  ezaguna izan dadila, behintzat”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!