"Egunero egiten dugun lanaren isla dira azkenaldian eman dizkiguten sariak"

Anboto 2012ko aza. 18a, 08:53

Lux lehiaketan saritu dute Durangoko Deser Studioko Sergio Zubizarreta eta lankideen lana

Lux lehiaketan saritu dute Durangoko Deser Studioko Sergio Zubizarreta eta lankideen lana.

\"\"

 

 

 

\"\"Irailean IPA Awards argazki sarietan aipamen berezia jaso zuen argazki seriea da bigarrenez saritu dizuetena, ezta?

Bai, IPA sarietara aurkeztu genuen serie bera da orain Lux sariketa honetara aurkeztu duguna. Urrezko Lux saria eman digute. Lehiaketaren XX. edizioa da burutu dutena, eta sekula baino parte- hartzaile gehiago izan ditu, gainera, lehiaketak. Aurten, 1.900 argazki baino gehiago jaso dituzte.
Zein da jaso duzuen saria?
Erretratuen saileko Urrezko Lux saria eman digute. Urrezko oroigarri bat eta diploma eman zizkiguten sari banaketan. Pasa den eguenean, Bartzelonan egin zuten sari banaketa ekitaldi hori.

 

Zein da argazki serie horren atzean dagoen istorioa?

Calcetines Cachetes Portugaleteko musika taldearen ikuskizun berezia da argazki seriearen oinarria. Hainbat janzkera baliatzen dituzte talde horretakoek euren ikuskizunean. Argazkiak ez dira guk bilatutakoak izan, eurek egiten dutena erretratatzea izan da gure lana. Argazkian agertzen diren moduan jantzita egiten dute euren emanaldia. Alde horretatik, proiektu nahiko eramangarria izan da, eurek egiten dutena islatzea izan da egin duguna.

 

Zelako inpresioa ekarri duzue Bartzelonatik? Zelako lanak ikusi zenituzten Bartzelonako sari banaketa ekitaldian?

Maila ikaragarri altua dagoela da dakargun inpresioa. Argazki ikaragarriak ikusi ditugu, eta harrotasunez bete gaitu argazki horren guztien artean gureak saritu izanak. Esaterako, oso potenteak iruditu   zaizkit publizitate arloko argazkiak, erretratu ederrak ikusi ditugu... Argazki asko eta oso oso onak ikusi ditugu Bartzelonan.

 

Sasoiko zabiltzate: sariak  eta aipamenak jaso eta jaso.

Bai, urte ikaragarria ari da izaten, baina egunero egiten dugun lanaren isla dira eman dizkiguten sariak. Daukagun zortea da, ereindakoa jasotzen gabiltzala.

 

Zelan ateratzen duzue zuen eguneroko lanaz gainera, honelako beste proiektuetan lan egiteko inspirazioa?

Autore argazkigintza da egin gura duguna, eta horretarako jakin egin behar da lan komertziala eta sortzaile eta pertsonalago hori uztartzen. Proiektu berezi eta probokatzaileak gura ditugu egin.

 

Eta denbora nondik atera?

Ez da erraza denbora ateratzea, baina argazkilarion ‘denboraldi baxua’ deitzen duguna aprobetxatzen saiatzen gara: urtarriletik martxora edukitzen dugu denbora gehiago. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!