Tabirako Baque lidertzatik laugarren postura jaitsi da asteburuan galduta

Anboto 2012ko aza. 14a, 08:19

Tabirako Baqueko gizonezko lehen mailako taldeak, asteburuan Mondragon Unibertsitatearen aurka jokatutako partidua galdu egin zuen (79-92). Landakoko kiroldegian neurtu ziren sailkapeneko liderra eta hirugarrena hurrenez hurren

Tabirako Baqueko gizonezko lehen mailako taldeak, asteburuan Mondragon Unibertsitatearen aurka jokatutako partidua galdu egin zuen (79-92). Landakoko kiroldegian neurtu ziren sailkapeneko liderra eta hirugarrena hurrenez hurren. Talde biek bost garaipen eta porrot bana zituztelarik. Sailkapenean lider izatetik laugarren postura eraman du porrotak  talde durangarra.

 

Lehendabiziko laurdenean Tabirako Baquek joko eskasa erakutsi zuen, defentsa oso ahula eta erasoan ere ez ziren fin ibili. Mondragon Unibertsitateko jokalariak aldiz, defentsan gogor eta erasoan trebe aritu ziren. Batzuen hutsegiteen eta besteen abileziaren ondorioz, 14-33ko markagailuarekin bukatu zen lehen laurdena. Bigarren laurdena ere, lehendabizikoaren antzekoa izan zen eta kanpoko taldeak hogei puntuko aldea atera zion etxekoari.

 

Partiduaren bigarren erdian, Tabirako Baquek jarrera aldaketa nabaria izan zuen. Jokalariak partiduari buelta emateko gogoz kantxaratu ziren eta emaitza finala 13 puntuko aldera txikitxea lortu zuten durangarrek.

 

Partidu hau galtzeak lider izatetik laugarren postuan sailkatzera darama Tabirako Baque, eta Mondragon Unibertsitatea hirugarren mantentzen da. Sailkapeneko lehenengo hiru taldeek seina partidu irabazi eta bana galdu dituzte, Tabirako Baquek aldiz bost irabazi eta bi galdu ditu. Nahiz eta porrotak gogor eragin, eguneroko lana goraipatu nahi izan dute Tabirako Baquetik eta entrenamendu onak egiten jarraitzeko asmoa ere, datozen partiduei aurre egiteko.

 

 

Emakumezkoen garaipena

Tabirako Baqueko emakumezkoetako lehen mailako taldeak asteburuan Atletico SN.SN.-UPV taldearen aurka jokatuta garaipena lortu zuen (49-69). Sailkapenean seigarren postuan daude neska durangarrak, eta aurretik dagoen Universidad Deusto Loiola Indautxu taldearekin berdinduta daude. Datorren larunbatean 18:00etan, sailkapen taulan azken aurreko taldea den Astigarraga K.E. izango dute aurkari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!