Garcia lehendabiziko euskalduna Behobia-San Sebastianen

Anboto 2012ko aza. 13a, 11:20

David Garcia laugarren sailkatu zen igandean Behobia-San Sebastian lasterketaren 48. edizioan. Lehenengo euskalduna izan zen 27 urteko durangarra eta 01.03.26ko denborarekin bukatu zuen hogei kilometroko lasterketa

David Garcia laugarren sailkatu zen igandean Behobia-San Sebastian lasterketaren 48. edizioan. Lehenengo euskalduna izan zen 27 urteko durangarra eta 01.03.26ko denborarekin bukatu zuen hogei kilometroko lasterketa.

 

Lasterketa hasi bezain laster, hiru korrikalariko talde txiki bat aurreratu zen gainontzekoetatik. Hiru hauen atzetik hamabost pertsonako talde bat sortu zen. Multzo bien arteko aldea lehenengo kilometroa bete ahala handitu zen eta Garcia durangarra talde bien artean kokatu zen. Pixkanaka lasterketa buruak aurrea hartu zuen eta bigarrena izango zenak ere aldea atera zien gainontzeko korrikalariei. Garciak beste korrikalari batekin burutu zuen ia ibilbide osoa hirugarren eta laugarren postuak lehiatuz. Lasterketako lehendabiziko bost kilometroetan sortutako sailkapena mantendu zen azken ehun metroetara arte. Helmugara heltzeko falta ziren ehun metroak esprintean burutu zituzten eta orduantxe erabaki zen sailkapen finala.

 

David Garciak adierazi duenez, pozik dago lortutako emaitzarekin, momentuan bertan hirugarren postua galdu izana tristea izan zen arren. “Etxean gero pentsatutakoan, Behobia-San Sebastian batetan laugarren postua lortzea oso ondo dago” esan du. Garciak parte hartzen duen bigarren aldia izan da aurtengoa. Duela bi urte zortzigarren sailkatu zen eta aurten baino bi minutu gehiago behar izan zituen lasterketa bukatzeko. Aurrerantzean, lasterketa honetako beste edizio batzuetan parte hartzeko asmoa duela adierazi du korrikalari durangarrak.

 

Aurtengo Behobia-San Sebastian lasterketak 25.000 parte hartzailetik gora izan ditu, horietako 21.472 korrikalarik bakarrik lortu zuten helmugara heltzea. Gizonezkoetan Jaume Leiva izan zen garaile 01.01.33ko denborarekin. Emakumezkoetan Oihana Kortazar elgetarrak lortu zuen lehen postua 01.14.45ko denborarekin.

 

Gizonezkoen sailkapena

  1. Jaume Leiva Beato 01.01.33
  2. Marc Roig Tio 01.03.02
  3. Daniel Bayon Leonardo 01.03.24
  4. David Garcia Gil 01.03.26
  5. Alberto Revuelta Garcia 01.03.30

 

 

Emakumezkoen sailkapena

  1. Oihana Kortazar Aranzeta 01.14.45
  2. Laura Garcia Mejuto 01.16.13
  3. Claudia Behobide Alcain 01.17.04
  4. Laura Sanchez Piedrafita 01.17.30
  5. Ines Muñoz Pacheco 01.20.30
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!