Korrika egiteko ohitura sanoa sustatu gura dute

Anboto 2012ko aza. 11a, 08:47

Gurutze Frades triatletak korrika egiteko ohiturarik ez dutenak kirol hori probatzera animatzen ditu azaroko astelehen arratsaldetan

Gurutze Frades triatletak korrika egiteko ohiturarik ez dutenak kirol hori probatzera animatzen ditu azaroko astelehen arratsaldetan.

 

Munduan kirol erraz eta merkerik bada, hori korrika egitea da. Zapatilla eta arropa erosoak jantzita, edonork egin dezake kirol hori, edozein unetan gainera.

 

Durangaldean asko hazi da korrika egiteko ohitura. Bidegorriek ere lagunduko zuten kirol horren sustapenean. Kalean egunero gurutzatzen dira mendi lasterketetarako edo kroserako prestatzen ari diren pauso luzeko kirolariak, eta sasoiari eustea beste helbururik ez duten pauso laburragokoak. Hala ere, oraindik asko dira bat ere kirolik egiten ez duten sofazaleak ere.

 

Azken horiek motibazioa behar dute, akaso. Distantzia luzeko triatloien Espainiako txapeldunaren ondoan korrika egiteko aukera tentagarria ote zaie? Mugarra triatloi taldeko Gurutze Fradesek ekimen berri hori abiatu du korrikarako zaletasuna sustatu guran. Azaroko astelehen guztietan, 19:30ean, Landakoko igerilekuen parean batzen direnekin korrika irteten dira Frades eta Mugarrako hainbat kide. Sekula korrikarik egin ez dutenei edo aspaldian utzita dutenei zuzenduta dago.

 

Pasa den astelehenean 11 lagun batu ziren. Emakume asko animatzea gustatuko litzaioke Fradesi, korrika egiteak emakume askori lotsa ematen diela uste duelako. Hala ere, ekimena gizon zein emakume, zahar zein gazte, korrika egitea ohitura bihurtu gura duten hasiberri denei zuzenduta dago. Bertaratzen direnek beti izango dute alboan Mugarrako ordezkari bat, atzean geldituagatik inor ez da bakarrik sentituko.

 

Ekimen honetatik korrika egiteko taldeak sortzea gura luke Fradesek. Horixe nahi dute astelehenean joan zirenek ere. Lagunak egin eta korrika elkarrekin egiteko taldeak sortu. 


\"\"Teresa Marcos- 45 urte, Durango

“Sekula ez naiz korrika aritu; 
aukera ona da probatzeko”

“Fitnessean edo oinez sarritan ibili naiz, baina sekula ez naiz korrika aritu. Aukera ona zen probatzeko. Korrika elkarrekin egiteko talde bat sortzea asko gustatuko litzaidake. Bestela, iluntzen duenean erreparoa ematen dit bakarrik irteteak. Talde bategaz errazago egingo zait”.

 

 \"\"

Ana Rosa Minguez-40 urte, Durango

“Edozeinekin eta edonoiz praktika
daitekeen kirola da”

“Jende berria ezagutzeko eta horiekin talde bat sortzeko esperantzagaz etorri naiz. Nire hobbya beste batzuekin partekatzea gustatuko litzaidake. Udatik hona ez naiz korrika irten eta ohitura onak berreskuratzeko modua ere bada. Edozeinekin eta edonoiz praktikatu daitekeen kirola da”.

 

 

\"\"Ainhoa Larrabide-40 urte, Durango

“Taldean, denbora arinago joaten da eta 
entretenigarriagoa da”

“Bada urtebete ez dudala korrikarik egin. Osakidetzarako oposaketak prestatzeko utzi nuen. Lehen bakarrik irteten nintzen. Taldean denbora arinago pasatzen da, entretenigarriagoa da. Gainera, zeure burua irtetera behartzen duzu horrela, berdin euria ari badu edo hotz badago”.

 

 


“Gogoz eta ilusioz txakurra eta biok parean gabiltzala uste dut”

\"\" 

Felixek eta Sua Border Collie-ak Txakurkrosa egiten dute; txakurragaz batera egiteko krosa

 

 

 

 

Felix Villanueva
45 urte, Zaldibar

 

 

Noiz hasi zinen  txakurkrosa praktikatzen?

Aurretik ere ibiltzen nintzen, baina iaz Pirinioetan egiten den lasterketa bat ikusi eta interesa handitu zitzaidan. Gipuzkoan txakurkros lasterketa batzuk antolatzen zituzten, eta parte hartu nuen. Oso esperientzia positiboa izan zen. Apurka parte-hartzaileekin berba egin eta jende atsegina ezagutu nuen. Denok nahi izaten dugu irabazi, baina txakurrei diegun estimua dago horren gainetik.

 

 

Zelan entrenatzen da txakurragaz?

Txakur ia denak jaio dira korrika egiteko. Ezagutzen dut jendea trineoei edo trizikloei tiraka-eta etxakurrekin entrenamendu espezifikoak egiten dituztenak. Nik ez dut halakorik egiten. Nik egiten dudana egiten du berak; korrika noanean nirekin dator, eta lasterketa sasoian  neure elikadura zaintzen dudanean, berea ere zaintzen dut.

 

 

Txakurkros elkarte bat sortu nahi duzu Durangaldean.

Txakurra Iurretako Zaunk txakurtegira eramaten dut behar dudanean. Hango kide batek esan zidan hainbat jende zegoela interesatuta. Atzo izan genuen lehenengo batzarra eta 18 bat lagun etorri ziren. Hurrengoetarako atea zabalik dago nahi duenarentzat. Ez dakit elkarteak zer izaera izango duen: txapelketatan parte hartzekoa, aisialdira begirakoa… Batzarretan erabakiko dugu guzti hori. Txakurrei gustatu egiten zaie beste txakur batzuekin korrika egitea. Gehiago ikasten dute; motibatu egiten dira, joko bat balitz moduan hartzen dute.

 

 

Korrika irteten zaretenean bietako nork gozatzen du gehien?

(Barreak). Erdi eta erdi esango nuke. Lasterketa bat hasi aurretik txakurrak urduri eta gogotsu egoten dira. Buztana goian izaten dute eta pozik dauden seinalea da hori. Txakurrak horrela ikusita norberari ere gogoa pizten zaio. Gogoz eta ilusioz parean gabiltzala uste dut.
Dena dela, lasterketa barik ere gozatzen dut txakurragaz. Arnes barik irteten garenean nire atzetik etortzeko esaten diot edo aurretik. Hiru-lau oihu egin eta niregana etortzen da, berriro korrika aldegiteko. Jolas moduan hartzen du. Arnesa ipintzen diodanean desberdina da; badaki korrika egitera irten garela eta entrenatzen gabiltzala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!