"Jendaurrean guk uste duguna baino hobeto egiten dugu berba"

Anboto 2012ko aza. 10a, 08:49
EHNE sindikatuan hogei urtean ibilitakoa da Manu Marañon. Bertan hasi zen jendeaurrean eta komunikabideekin berba egiten. Gustura egiten zuen, halakoetan edukitzen diren urduritasun eta segurantza falta barik. Orain jendaurrean berba egiteko ikastaroak ematen ditu. Autoestimua lantzea eta praktikatzea dira bere bi gomendio nagusiak.

EHNE sindikatuan hogei urtean ibilitakoa da Manu Marañon. Bertan hasi zen jendeaurrean eta komunikabideekin berba egiten. Gustura egiten zuen, halakoetan edukitzen diren urduritasun eta segurantza falta barik. Orain jendaurrean berba egiteko ikastaroak ematen ditu. Autoestimua lantzea eta praktikatzea dira bere bi gomendio nagusiak.

 

“Nik ez dut balio jendeaurrean berba egiteko”.

Askok pentsatzen dute hori. Gure kulturan eta irakaskuntzan oso gutxi landu dugu jendaurrean hitz egitea. Arbelera ateratzen gintuztenean ere, ia zigorrerako zerbait zen. Daukagun sinesmena nahiko kaskarra da: “Ni ez naiz gai hori egiteko, oso urduri jartzen naiz,  galderak egiten hasiko dira eta ez dut jakingo erantzuten...”. Ez dauka  zerikusirik errealitatearekin. Nire ikastaroetan  jendea konturatzen da pentsatutakoa baino hobeto egiten duela. Praktikak egiten ditugu bideo kamerarekin eta oso gaizki pasatzen dute hasieran. Pantailan ikusterakoan konturatzen dira nahiko ondo egin dutela, urduritasuna ez dela horrenbeste igartzen...

 

Pentsa dezakete: “Horiek bai, baina ni lotsatia naiz...””

Joera daukagu nork bere burua gutxiesteko, eta besteak askoz hobeto ikusteko, baina hori, norberak duen sentsazioagatik da. Nire aurkezpena entzuten egon eta ondo baloratzen duenak sentsazio bera dauka.

 

Autoestimua asko lantzen duzue beraz.

Hori da gakoa. Nik pentsatzen badut oso urduri jarriko naizela eta zuri geldituko naizela, ez naizela gai izango... aurkezpenean oso ahul egongo naiz. Nire ikastaroan  ikasleek bospasei praktika egiten dituzte. Praktikaz praktika hobeto, solteago ikusten dira ikasleak. Autoestimua lantzeko onena jendaurrean berba egiteko aukera guztiak aprobetxatzea da.

 

Eta etor daitezkeen kritikak?

Guk entzuleen erantzun edo feedback positiboa lantzen dugu. Ondo egindakoak eta hobetzeko proposamenak esaten ahalegintzen gara. Ez dago ohiturarik jendeari ondo egiten dituen gauzak aitortzeko. Gure joera da begiak jendearen akatsetan jartzea. Horregatik nork bere autoestimua landu behar du. Esperimentatu, hanka sartu eta hobetzeko gaitasunean sinetsi behar dugu.

 

Irakasle askori gertatzen zaio, gauza asko jakin bai, baina gero transmititzen kostatu...

Edukiak garrantzitsuak dira baina ikasleek ez dute baloratzen irakasleak asko jakitea, nahiko jakitea baino. Bere jarrera eta hartuemona baloratzen dute, eta zelako gogoarekin azaltzen duten. Irakasteko gogotsu egoteaz gainera, ikasteko gogotsu egotea ere garrantzitsua da. Irakasleek ikusi behar dute euren ezagupena zati txiki bat dela, eta ikasleei entzuteko prest egon behar dutela. Eduki onak izatea ondo dago, baina hori baserrian barazki onak edukitzea modukoa da. Edukitzeaz gainera, saltzen ere jakin behar da.  Hitzaldia ondo egituratzea, gorputz mintzaira lantzea, entzuteko prest egotea... jorratzen ditugu. Eduki barik ez dago ezer, eta edukiagaz bakarrik, oso gutxi dago. Sindikatu edo alderdi politiko bateko bi bozeroale ikus ditzakegu, antzeko edukiei buruz berbetan, baina batak eta besteak jendearengan duten inpaktua zeharo desberdina izan daiteke.

 

Zelan erakarri zintuen gai honek?

EHNEn egon nintzenean, askotan  egokitu zitzaidan komunikabideetan berba egitea. Prentsaurrekoetan, irratian, telebistan.... Baserritarrekin bilerak egitea ere tokatzen zitzaidan. Gustukoa nuen, eroso sentitzen nintzen. Sinisten nuen egiten nuena eta defendatzen nuena. Izugarrizko gogoarekin egiten nuen, eta normalean pasioa eta emozioak jartzen direnean, urduritasunak gainditu egiten dituzu.

 

Komunikazioa eraginkorra izateko oztopoak

1) konfidantza eta seguritatearekin. Jendeak ondo egiten dituen gauzak baloratzen jakin behar dugu, eta lortu daitekeen gauza bat dela argi eduki. Kurtsoan 20 ordu dira. Gidatzeko karneta ateratzerakoan praktikak aprobatzeko izan ziren, gero ikasten da gidatzen. 2) Lana, obserbatzea besteak egiten dutena, praktikatzea. Hau ez da magia, gimnasia da. Batzuk erraztasuna daukatela, ikusi behar dugu atzean zer nolako lana dagoen. Lan berarekin jende batzuk 8 milako mendi bat egiten du beste batzuk 4 milakoa. Errekurtsoak badauzkagu baina landu egin behar dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!