Lau eguen, Kantuaren Kantoian elkartzeko

Anboto 2012ko aza. 5a, 08:39
Lau musikari etorriko dira zikloaren laugarren ediziora. Disko berria aurkezten aritutako Xabier Montoia eta Ruper Ordorika arituko dira batetik, eta, bestetik, hainbat urte oholtzetatik aldenduta egon diren Josu Zabala eta Balerdi Balerdi taldeko Toño Muro ere bai

Lau musikari etorriko dira zikloaren laugarren ediziora. Disko berria aurkezten aritutako Xabier Montoia eta Ruper Ordorika arituko dira batetik, eta, bestetik, hainbat urte oholtzetatik aldenduta egon diren Josu Zabala eta Balerdi Balerdi taldeko Toño Muro ere bai.

 

Laugarren aldia da Durangoko Plateruenean Kantuaren Kantoia zikloa antolatu dutena. Aurreko hiru edizioetan bezala, udazkenean, azaroko lau eguen iluntzetan batuko dira musikariak eta musika zaleak.

 

Aurten, azken diskoak aurkezten ibili diren abeslari bi ariko dira, Xabier Montoia eta Ruper Ordorika, eta hainbat urte oholtzetatik aldenduta egon diren beste bi, Josu Zabala eta Balerdi Balerdi taldeko Toño Muro.

 

Xabier Montoiak zabalduko du aurtengo Kantuaren Kantoia. Aurreko edizio bietan legez, Jonan Hernandez kazetari durangarraren galderek bideratuko dituzte Kantuaren Kantoia zikloaren lau saioak. Elkarrizketa formatua dute saioek, eta azalpenak eta kantak tartekatuko dituzte.

 

Bandagaz jardutera ohituta daude lau musikariok, baina formatu intimoagoan entzuteko aukera izango da Plateruenean. “Taldearen laguntza gabe aritzeak erantzunkizun handia” sortzen diola esan du, esaterako, Balerdi Balerdi taldeko Toño Murok. Hamarkada bat igaro da Balerdi Balerdi taldea desegin zenetik, baina disko berria daukate Murok eta taldekideek eskuartean.

 

Iaz bete-bete egin zen Plateruena. Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu, Ines Osinaga Goseko kantaria, Ken7ko Eñaut Elorrieta eta Maite Arroitajauregi Mursego aritu ziren jaialdian. Euskal musikagintzako sortzaile handiak pasatu dira Kantuaren Kantoitik azken hiru urteetan. 

 


 

\"\"Xabier Montoiak mundu oso bat

AZAROAREN 8an, 20:00etan

Kantuaren Kantoia ez duela ezagutzen dio Xabier Montoiak, eta aurretik ez duela honelako ekimen batean parte hartu. Azaroaren 8an, berak hasiko du lau emanaldien segida. 
Iazko udazkenean kaleratu zuen Montoiaren mundu miresgarria diskoa. Sorkuntzan, beti gauza bera ez egitea dela bere ardura nagusienetakoa esan zuen Montoiak, diskoa aurkeztera etorri zenean Elorriora. M-ak taldeagaz punka eta elektronika jorratu zituen, eta akustikoan dihardu orain. “Kontzertu akustikoen biluztasunean”, oso gustora aritzen dela esan zuen. Ondo moldatuko da Kantuaren Kantoian.

 

Oholtzara bueltan Josu Zabala \"\"

 AZAROAREN 15ean, 20:00etan

“Nere buruari buruz aritzea ez zait gustatzen, baina egiten dizkidaten galderak erantzungo ditut”, esan du Josu Zabala Otxandioko musikariak. Sekula ez du Kantuaren Kantoikoak lako emanaldirik egin: “Beste sortzaile batekin musikari buruz jardutea oso gauza interesantea izan daiteke: hori askotan egiten dudan gauza da, baina publikoarentzat ez dut sekula egin”.
Berarekin Kantuaren Kantoian jotzera gonbidatu gura ditu lagun sortzaileren batzuk Josu Zabalak. Orain, grabazio batean dihardu lanean, eta datorren astean ekingo dio Platerueneko saioa prestatzeari.

 

\"\"Toño Muro, Balerdi Balerdi barik

AZAROAREN 22an, 20:00etan

Oraindik erabaki barik dauka emanaldiko kanta zerrenda Toño Murok, baina dioenez, gustatuko litzaioke “kanta zaharrak eta berriak nahastea”.
Bbere sorkuntzari buruz berba egitea erraz egiten zaio, hurbileko norbaitekin baldin bada: “Nire ibilbide musikala ezagutzen duen batekin ez zait zaila suertatzen, nire kantetan errepikatu diren estiloak eta ideiak ezagunak dituelako”.
Kanta bat zerbait “soila” izan behar dela uste du Balerdi Balerdi taldeko abeslariak, eta talde horregaz 70 eta 80ko hamarkadetan landu zituen doinuak ere eskainiko ditu Plateruenean. 

 

Ruper Ordorika, zirkulua ixteko\"\"

AZAROAREN 29an, 20:00etan

Musikarien bandak lagundu barik jardungo du Kantuaren Kantoian Ruper Ordorika musikari oñatiarrak ere. Hodeien azpian diskoa aurkeztera etorri zen Ordorika urtarrilean Durangoko Plateruenera. Bilboko kafe antzokiko abenduaren 22an emango du kontzertua, eta orduan emango du disko berriaren aurkezpen bira amaitutzat.
Baina, aurretik, Durangon jardungo du musika arloko bere ibilbideaz, diskoez, eraginez eta Jonan Hernandez elkarrizketatzaileak proposatuko dizkion bestelako gaiez. Gogoetekin tartekatuta, bere ibilbideko kantak eskainiko dizkie Durangoko entzuleei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!