Azaroaren 3an lehenengo emanaldia eta abenduaren 2an izango duen Musika Hamabostaldia aurkeztu dute Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolan. Izan ere, azaroaren 3an baita ziklo musikal horren barruko lehenengo kontzertua: Astuariasko El león de Oro abesbatza gonbidatu dute emanaldia eskaintzera.
Musika Eskolako zuzendariak, Alfredo Sanzek, esan duenez, “Espainia eta Europan ospea hartu duen” taldea da El León de Oro, eta “errepertorio entretanigarri eta anitza” eskainiko dute taldeko 40 kantariek, zapatuan, Santanako elizan.
Azaroan beste bi emanaldi izango dira, Musika Hamasbostaldiaren barruan. “Ikusi eta entzuteko gozamena” da Sanzen berbetan, azaroaren 17an Kurutzesantu museoan kontzertua eskainiko duen Sonar boskotearen emanaldia. Klarinetea, tronpa, zeharkako txirula, fagota eta oboea jotzen dituzte Musikene eskolan formaturiko bost musikari horiek.
Hamabostaldiak eskaintzen dituenetatik ordaindu beharreko kontzertu bakarra, Judith Jauregi pianistak eskainiko du, azaroaren 24an, San Agustin kulturgunean. “Espainia eta Europako pianoaren promesa handienetakoa da”, Sanzek azaldu duenez, Jauregi, eta 8 euroko sarrera ordainduta Durangon ikusi ahal izatea aukera paregabea dela azpimarratu du.
Flauta eta piano kontzertu batek itxiko du, abenduaren 2an, Durangoko Musika Hamabostaldia. Claudi Arimany eta Juan Jesus Silguero eta Pedro R. Larrañagak eskainiko dute kontzertu hori. Nazioartean ospe handia lortu du Arimany flautistak, eta Bilboko Bandako flautista nagusia da 1984tik, Silguero.