Lehenengo mailako gizonezkoen Tabirako Baque saskibaloi taldeak denboraldiko lehendabiziko partidua galdu zuen asteburuan 65-70, Seky-ren aurka. Sailkapeneko burua eta hirugarrena neurtu ziren. Galdu arren Tabirako Baquek mailako lidertzan darrai.
Durangoko taldeak funtsezkoak diren jokalari bi falta zituen, batetik Xabi Anasagasti jokalariak taldea utzi duelako eta bestetik Carlosen hutsegitea, lan kontuengatik. Hori zela eta etxekoek, aurrera egin zezaketela erakutsi nahi zuten, nahiz eta jokalari bi hauek falta.
Partidua urduritasun askogaz hasi zen, talde biak gogotsu, defentsan indartsu baina erasoan gehiegi asmatu gabe. Lehenengo eta bigarren laurdenak Sekyko gasteiztarrentzat izan ziren eta durangarrak apurka erasoa indartuz joan ziren. Hirugarren laurdenean bederatzi puntuko aldea atera zion Tabirako Baquek Sekyri. Baina partidu osoan zehar markagailua parekatua egon zen, elkarren arteko aldea oso txikia zelarik. Azken zatian gasteiztarrak markagailuan aurreratu egin ziren hiruko hainbat saskiraketa eginda. Durangarrak markagailuan aurrera egin nahi izan zuten, baina urduritasunak akatsak sortzera eraman zituen eta bost puntuko aldeagatik galdu zuten.
Nahiz eta Sekyren aurkako partidua galdu, taldeak lan ona egin zuen eta ez zuen amore eman. Partidu osoan zehar gogor borrokatu zuen, defentsan lan bikaina eginez eta erasoan aukera guztiak aprobetxatuz. Partiduaren azken zatian Tabirako Baqueko Mikel Aguirrek erasoan egindako lana goraipatu behar da, honi esker talde bien arteko puntuen aldea ez zen hain nabaria izan-eta.
Bost partidu jokatu dituzte Tabirako Baqueko mutilek eta porrot bakarra jaso dute. Kontuan izanda iaz sailkapen taularen erdialdetik behera kokatzen zela, hobekuntza nabaria izan dute aurten.