"Batzutan turkiar azentua kentzea kostatzen zait"

Anboto 2012ko urr. 28a, 08:30

Interneten Turkiako prentsaurrekoak ikusten hango azentua landu zuen castingerako, eta Goenkalen orain Said ikasle turkiarra da Eneko Sagardoy. Goizeko zortziretarako platoan egon behar duenean Donostian egiten du lo. Unibertsitatean hasi berri, denerako astia hartzen duela dio. Gustura dabil, lan taldeko giro ederrean, eta telebistaren magia deskubritzen. Antzerkiko magiaz Karrika taldean maitemindu zen

Interneten Turkiako prentsaurrekoak ikusten hango azentua landu zuen castingerako, eta Goenkalen orain Said ikasle turkiarra da Eneko Sagardoy. Goizeko zortziretarako platoan egon behar duenean Donostian egiten du lo. Unibertsitatean hasi berri, denerako astia hartzen duela dio. Gustura dabil, lan taldeko giro ederrean, eta telebistaren magia deskubritzen. Antzerkiko magiaz Karrika taldean maitemindu zen.

 

Goenkale jarraitu izan duzu?

Zelan ez ba! Nire etxean erlijio bat izan da. Nire adina dauka, 94an hasi zen, ni ere 94koa naiz eta, kontziente naizenetik, beti ikusi dugu etxean, batzuetan gehiago beste batzuetan gutxiago... Engantxatu eta desengantxatzeko denbora ematen du, hainbeste urtetan zehar... Baina bai, jarraitu egin izan dugu, eta nire ama eta amama baldintza bako zaleak dira.

 

Ez duzu orduan istorioan kokatzen ibili behar izan...

Guztiz kontrakoa. Desilusioa eta dena hartu dut zenbat horma falta diren eta platoak ze txikiak diren ikusita...

 

Said deitzen da zure pertsonaia. Zelakoa da? Gustoko duzu?

Ikasle turkiar bat da eta aurten amaituko ditu zuzenbide ikasketak. Oso borrokalaria da, oso idealista; ez da hitzetan gelditzen, beti doa gauzen muturreraino, askotan ondorioetan asko pentsatu barik. Hori bada berekin komunean daukadan zerbait. Erabakiak hartzerakoan, nik proposamen bati beroan “bai” esaten diot. Saidek “bai” esan, eta egin egiten du. Nik “bai” esan,  36.000 buelta eman, eta gero hasten naiz egiten. Baina egiten dugunarekiko pasioa bai, biok daukagu. Gero, pertsona zabala da, baina hurbileko erlazioetan kostatu egiten zaio pausotxoa ematea.

 

Agian Turkiatik datorrelako izango da. Hori ere landu behar izango zenuen. Azentua, zelan landu duzu?

Nik izatez castinga beste papel batentzako egin nuen, Aimarrentzako, eta gero perfila ikusi eta deitu ninduten turkiarraren papela egiteko. Castingaren aurreko gauean, gidoia ikasten nenbilela, konturatu nintzen: azentua! Interneten topatzen hasi, eta  youtuben Turkiako prentsaurrekoak bilatu, eta  z=s, s=z...  horrela azentua egin eta ez didate ezer aldatu.

 

Kostatzen zaizu azentua jartzea?

Hasieran asko, eta tira, gero kostatzen zait kentzea ere bai, e? Zaila da sekuentzia luzeetan mantentzea. Noiz edo noiz ebakitzen dute; “Eneko, azentua!”. Baina tira, beste toke teatral bat da pertsonaiarena, eta asko gustatzen zait. 

 

Kalean igarri duzu famarik?

Bai. Sanfaustoetan, Panda hartzaz jantzi nintzen bigarren asteburuan, eta goizaldeko zazpiretan jendea ni seinalatzen hasi zen: “Goenkaaale!”. Txosnan turnoa egin nuenean ere jendea igarri nuen begira eta komentatzen. Hasieran ilusioa egiten zidan, baina orain...

 

\"\"

 

Anaia bikia daukazu. Hark ere igartzen du fama?

Bai, banatu egiten ditugu! Esaten diot: zuk erantzun erdiak, eta nik beste erdiak. Berari ere eskatu nion baimena castingera joateko. Ez da munduko telenobela ezagunena ere, baina... Baietz esan zuen, ondorio guztiekin. Esan dit aprobetxatu egingo dela; tragoren bat hartu ahal badu gonbidatuta...

 

Karrikan zabiltza azken urteotan.

2009 amaieran edo hasi nintzen, lehenengo atzerritarrekin egin genuen kultur arteko proiektu batean, eta gero Oinez dabilen jende eskasa lanean. Orain Lurra Astinduz obrarekin gabiltza, bonbardaketari buruzkoa.

 

Noiztik antzerkizale?

Txikitatik. Egongelan beti egiten nituen antzerkitxoak, amamarenean ere bai. Asko gustatzen zitzaidan idatzi eta antzeztea. Amorrua ematen dit orain telebistan agertzen naizelako jendeak esatea: “Orain aktore zara, e?”. Ni aktore izan naiz Karrikagaz eszenatokira edo Durangoko plazara joan naizenean. Karrikari asko zor diot. Nahiago dut arinago beste pilo bat gauza uztea Karrika uztea baino. Behar dut Karrika. Sormen adierazpenerako askatasun uharte bat da. Hor alde handia dago, telebista askoz ere kontrolatuagoa da.

 

Unibertsitatean ere hasi zara. Denetarako astia edukitzen duzu?

Mondragon Unibertsitatean Ikusentzunezko Komunikazioa egiten hasi naiz, eta bai, denbora bai. Filosofia da gauza gehiago badauzkazu, daukazun tarte libre hori gehiago aprobetxatuko duzula. Koordinatzaileagaz berba egin eta gauzak erraztuko zizkidatela esan zidan. Klaseak eta grabazioak goizez dauzkat eta astean egun bat, bi edo hiru galtzen ditut. Gogorra da, baina argi daukat ikasketa batzuk atera gura ditudala.

 

Ikusentzunezko alorrean, zine munduak mugitzen zaitu?

Gidoigintzara edo zuzendaritzara bideratu nahiko nuke. Gero edozer gauza gertatuko da, baina  sormenagaz lotutako zeozer egin gurako nuke, gidoigintza, zinean, telebistan,  edo erredakzio baten...

  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!