Tabirako Baquek indartsu hasi du denboraldia

Anboto 2012ko urr. 19a, 08:26

Gizonen taldeak hirutik hiru irabazi ditu; gazte mailako neskek ere dena irabazi dute

Gizonen taldeak hirutik hiru irabazi ditu; gazte mailako neskek ere dena irabazi dute.

 

Mailari eusteko latz sufritu zuen iaz Tabirako Baqueko gizonen saskinaloi talde nagusiak. Denboraldi hartako sufrimendua akuilu lez erabilita, aurten etxeko lanak ahalik eta arinen egiteko prest daude. Orain arte jokatutako hiru partiduak irabazi egin dituzte eta denak hamar puntu baino gehiagoko aldeagaz. Ondorioz, lehenengo mailako liderrak dira, Mondragon Unibertsitatea eta Lizuan.com taldeekin garaipenetan berdinduta.

 

Asteburu honetan Fundacion 5+11 taldearen aurka jokatuko dute Gasteizen. Tomas de Castroren mutilek irabazteko partidua dute. Gasteizko taldeak orain arteko hiru partiduak galdu ditu eta denak hogei puntu baino gehiagoko aldeagaz.

 

Neskek lidertza jokoan

Azpimarratzeko moduko liga hasiera egin dute Tabirako Baqueko gazte mailako neskek ere. Lau partidu jokatu eta laurak irabazi dituzte. Beste hainbeste egin du Azpeitiako Movilquick taldeak. Asteburu honetan bietako baten martxa apurtuko da, elkarren kontra jokatuko dutelako. Zapatuan, 12:00etan, hasiko da partidua Landako kiroldegian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!