'11 kantatzeko' DVD eta liburuaren aurkezpena Hitz liburudendan

Anboto 2012ko urr. 24a, 08:16

Proiektuaren hiru parte-hartzailek aurkeztuko dute bertso-ipuin bilduma, urriaren 26an

Proiektuaren hiru parte-hartzailek aurkeztuko dute bertso-ipuin bilduma, urriaren 26an.

 

Urko Egaña, Olatz Amozarrain eta Antton Iztueta egileek aurkeztuko dute, urriaren 26an, 11 kantatzeko DVDa eta  liburua, Durangoko Hitz liburudendan. Bertso bilakatu dituzten ipuin klasikoak dira bilduma horretakoak. Kantatu eta kontatzeko ipuinak jasotzen ditu apirilean kaleratu zuten DVD horrek, eta bertsolaritza eta literaturaren arteko zubia egiteko helburuz sortu zuten. Musika, marrazkiak eta literatura batzen ditu ikusentzunezko proiektuak.

 

Mari Errauskin, Pinotxo, edo Txanogorritxo ipuin klasikoak jasotzen ditu, batetik, DVDak. Baina Oñatiko jentilen istorioa edo Sant Jordiren kondaira ere kontatzen ditu, bestetik.

 

Ipuinak kontatzeko tresna

“Gurasoek zein aiton-amonek beti izan dute seme-alabei edo bilobei ipuinak kontatzeko beharra, eta hau tresna egokia da”, esan zuen Urko Egañak prentsaurrekoan.

 

Urko Egañagaz batera, Olatz Amozarrain musikaria eta Antton Iztueta irakaslea ere ariko dira datorren barikuan, proiektua jendaurrean aurkezten. DVDaren zuzeneko aurkezpena egingo dute Hitz liburudendan. 

 

11 kantatzeko DVDan jasotako ipuin eta marrazki guztiak, eta kantuen partiturak ere jasotzen dituen liburua ere aurkeztuko dute. Irailean argitaratu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!