Urriaren 26an elkartuko dira ‘plateruak’ Durangoko antzokiaren zortzi urteak ospatzeko.
Durangoko Plateruena kafe antzokia urriaren 28 batean zabaldu zuten, duela zortzi urte. Urteurrenaren ospakizuna urriaren 26ra aurreratu dute aurten. Datorren barikuan, beraz, “oso etxeko giroan” ospatuko dute plateruek zortzigarren urteurrenak sortzen dien “poztasuna”.
Bazkideentzako pentsatutakoa, baina Platerueneko erabiltzaile guztiei irekitako “ekitaldi intimo baina zabala” antolatu dute aretoaren zortzigarren urteurrena ospatzeko.
Urtebetzea ospatu eta “Plateruena eraikitzen lagundu zutenei, eta egunero aurrera ateratzen laguntzen dutenei” esker ona adieraziko diete ekitaldi horretan. “Betetzen dugun urte bakoitza garaipena da guretzat, eta eremu berri bat geure egin dugula ospatu beharra sentitzen dugu”.
Barikuan, 20:30ean hasita, Durangaldeko hainbat sortzaileren parte-hartzeagaz, dantzak, poesiak, musikak, bertsoak hartuko dute antzokia. Plateruenaren Durangaldetik kanpoko lagunak ere bertaratuko dira ospakizunera: Rafa Rueda edo Gotzon Barandiaran, esaterako.