Madrilen, ikusentzunezko komunikazioa ikasten du Xabier Alconero Durangoko gazteak. Hango ikasle eta langile mobilizazioak dokumentalean batuko ditu www.alconeroproducciones.com helbidean.
Madrilerako bidea hartu zenuen iaz, ikusentzunezko komunikazioa ikasteko.
Horrela, da, bai. Iaz amaitu nuen Batxilergoko bigarren maila, eta hasieran nire asmoa EHUra sartzea zen arren, azkenean Madrilgo Carlos III.a unibertsitatera etorri nintzen ikusentzunezkoen gradua egitera. Urte bete daroat Madrilen.
Zer moduzkoa izaten ari da Madrilgo esperientzia hori?
Ikasketei dagokienez jauzi handia izan da niretzat. Alde handia dago Batxilergotik unibertsitatera, onera. Gustora nabil unibertsitatean, jendea gehiago inplikatzen delako gauzetan. Ez dugu teoria bakarrik ikasten, ikasten duguna kalean ipintzen dugu praktikan hurrengo egunean.
Hainbat grabazio egin duzu kalean. M15ko mobilizazioen ingurukoak, esaterako.
Horrela da, bai. Horiek ez dira klaserako lanak, baina bai unibertsitatean sorturikoak; unibertsitatean dago politika arloan murgiltzeko aukera. Elkarte asko dabiltza lanean, eta ikasle eta irakasle askok indar eta ilusio handia daukate ideiak gauzatzeko. Esaten dute M15ko lehenengo kanpin-dendak gure unibertsitateko ikasle egoitzako oheetako izarekin egin zituztela. Espainia aldatzeko gunea Madril da, eta aldatzeko tokia unibertsitatea.
Egin dituzun grabazioak gizarte mugimendu horietan parte hartu eta laguntzeko helburuz egin dituzu?
Bai. Sortzen ditugun dokumentalen eta fanzinema-ren bidez jendeari zer kentzen ari zaizkigun eta zer defendatu behar dugun esaten saiatzen gara.
M15i buruzko dokumental luzea prestatzen ari zarete, ezta?
Bai. Orain, unibertsitateko irakasleekin, elkarteetako buruekin eta iritzi liderrekin elkarrizketak egiten ari gara. Guk badakigu zer nahi dugun eta zer ez, baina hogei urte dauzkagu, eta ekonomiaz eta politikaz ezer gutxi dakigu. Ez dugu panfletismo hutsa egin gura, eta horregatik, dakien jendeari galdetzen gabiltza, dokumentatzen.
Zelan moldatzen zara mugimendua barrutik bizi eta aldi berean honelako proiektuak garatzeko. Zaila da manifestaldietan grabatzen jardutea?
Ez da batere erraza izaten gure lana burutzea, izan ere, besteak beste, karga polizialetan zure lan tresnak zapuztu ahal baitizkizute. Nire kamerarekin eta libretarekin joaten naiz mobilizazioetara. Hori bai, sobera ondo dakit zein aldetan nagoen, eta uste dut argi ikusten dela hori. Barrutik egiten dugu lan, ez da dokumental objetiboa, hasieratik ikusiko da zein aldetan gauden.
Oso webgune osatua ipini duzu martxan: alconeroproducciones.com.
Aurretik, Durangon grabatutako hainbat bideo neuzkan, eta webgunean batu gura izan ditut nire lan guztiak. Udan egin nuen webguneko lan hori. Oraindino ez naiz hasi promozio gogorra egiten, baina egia esan ez doa batere txarto: bataz beste mila bisita izaten ditu webguneak, egunean.
Bideo sorkuntza lanak ere ikusgai daude zure webgunean, umore absurdodunak batzuk. Bazabiltza horrelako lanetan?
Aste batzuk barru argitaratuko dut burutu dudan azkenengo film laburra, Madrilgo nire lehenengo urtean sentitutako bakardadeari buruzkoa da. Baina, nire umore absurdoa garatzeko lagunak Euskal Herrian utzi nituen. Madrilen ez dut topatu umore mota hori ulertzen duenik!
Gaur egungo sistema politiko eta ekonomikoaren kontra, Madrilen, M15 mugimenduan murgilduta dabil iaztik Xabier Alconero. Mobilizazioetan grabazioak egin eta sare sozialetan ahal bezain beste zabaltzen. “Hau guztia lehenago edo beranduago lehertuko dela uste dugu, eta momentu horretan jendea gure aldean jar daitezen gura dugu”, azaldu du. “Borroka honetan gaudenok bestelako etorkizuna gura dugu gure seme-alabentzako”.
Orain eskuartean daukaten dokumentalerako, Espainiaren historia irakasle bat, eta ikasle elkarteetako eta M15eko jendeagaz elkarrizketak egingo dituzte. Ikasturte amaierarako gura dute prest eduki. Maria Merchan Rocamorarekin dihardu elkarlanean. Attac elkarteko kidea da Merchan. “Oinarrizko errentari buruzko berbaldi bat eskaini zuen Mariak unibertsitatean, eta nire etxean antolatu nuen jai batean ezagutu genuen elkar”. Alconeroren berbetan, “oinak lurrean dauzka berak”, eta bere “filosofada panfleteroen osagarri da”.
Ordu beteko film bat editatzen ere badabil Xabier Alconero: “Muturreko umore absurdoduna”. Izan ere, gogoak ematen diona ere atera gura izaten du: “Batzuetan umorea, bestetan rapa egitea da gustatzen zaidana, nire bizitzan aurkitzen dudanari buruz jardutea: injustiziak salatzea, barre eragiten didana munduarekin konpartitzea... Pentsarazi edo negarra edo barrea eragin”.
“Gustatuko litzaidake bideoak egitetik bizitzea”, dio, baina etorkizuna “Espainian beltz dago”. Komunikabide konbentzionaletatik aparte ikusten du etorkizunean bere burua: “Gure arloan, badakigu ezin dugula lan bat bilatzen aritu, lana asmatu egin behar dugu”. |