Durangoko Liburu eta Disko Azokak aurrera jarraitzeko behar duen finantziazioa eta babesa batzeko ipini dute Azokide martxan. "Azokide ziurtagiriaren bitartez gure kulturgintzaren sostengu den ekimen nagusia lagundu ahalko dute merkatari, tabernari eta enpresek", azaldu zuen Aiert Goenaga Azokaren zuzendariak.
Aiert Goenaga, Amets Txurruka Euskaltel taldeko ziklista eta Eñaut Zubikarai Errealeko jokalaria batu ziren joan zen egueneko aurkezpenean.
Enpresa pribatuek Durangoko Azokareriko duten atxikimendua erakusten duen ziurtagiria da Azokide. Azokak aurrera jarraitzeko behar duen laguntza eskainiko duena. Babes horrek laguntzaileentzako onurarik ere edukiko du, gainera: Durangoko Azokak hain beharrezko duen laguntza ematen dutenek leku propioa izango dute Azokako horma nagusian. Aiert Goenagak azaldu duenez, trukean “ospakizunaren parte” bilakatuko dira laguntzaileak.
Komertzial bat arduratuko da enpresaz enpresa ekimenaren zabalkundea egiteaz. Bestalde, Azoka egunetan –abenduaren 6tik 9ra– ahalko dute norbanakoek Azokide egiteko aukera: laguntza bonoak eskuratu ahalko dituzte. Izan ere, “urte osorako egitasmoa” da, Goenagaren berbetan, Auzokide.
Durangoko Azokara zelan bizi duten azaldu zuten egueneko ekitaldian, Amets Txurruka eta Eñaut Zubikarai kirolariek. “Euskal kulturari ematen dion indarra” azpimarratu zuen Txurrukak, eta Azoka “jendearekin egoteko aukera” eta “ospakizun” bezala bizi duela adierazi zuen Zubikaraik.