Tabira zelaian atzean gotortzen zaizkio arerioak kontraerasoaren bila; kanpoan partiduak irekiagoak dira eta errazago aurkitzen ditu zuloak.
Durangoko Kulturalak futbolean jokatzeko eredu bera darabil azken hiru denboraldiotan. Badira ezaugarri batzuk bere egin dituenak. Baloiaren jabetzan sinesten du eta konbinazio, desmarke edo bat-biko biziak darabiltza gora heltzeko. Partiduko erritmoa markatzea gustatzen zaio. Aurkariek badakite hori eta Tabirara datozenean atzean defendatzen dute, kontraeraso aukerak baliatzeko. Etxetik kanpo, ordea, partiduak irekiagoak dira eta zirrikituak errazago bilatzen ditu.
Zazpi jardunaldiren ostean, Kulturala laugarren dago eta goi mailan ari da, baina etxetik kanpo uzta oparoagoa batu du. Oraindik ez du partidurik galdu kanpoan; garaipen bi (Getxon eta Santutxun) eta berdinketa bat (Portugaleten). Etxean lau partidutik bat irabazi du eta joan zen astean denboraldiko lehenengo porrota jasan zuen Gernikaren aurka (0-2).
Mikel Agirregomezkorta entrenatzailea gustura dago taldeak partidu denetan erakutsi duen izaeragaz: “Emaitzak onak izan dira, baina batez ere zelaian ikusi dudanagaz nago gustura. Sentsazio oso onak utzi ditugu liga hasieran. Talde legez jokatu dugu”. Liga hasiera onak emandako konfiantzagaz Zalla bisitatuko dute asteburuan.
Geldikako jokaldiak
Jasotako eta sartutako golen balantzea ere positiboa da: bost jaso eta bederatzi sartu. Sartu dizkieten goletatik lau geldikako jokaldietan etorri dira. Horrek, alde batetik, erakusten du baloia jokoan dagoenean defentsa sistema sendoa dutela. Baina geldikako jokaldiak harrera gehiagoz zaindu behar direla ere ondorioztatu daiteke.